Nahastuta lortzen da integrazioa

Ikasle etorkinak ikasgela arruntetan jartzen hasi zirenetik emaitza hobeak lortzen ari dira zentroetan

Berria, 15-09-2006

Asier Iturriagaetxebarria

Bilbo

«Ikasle etorkinen integrazioa lortzeko imajinazioa eta jarduera pedagogiko onak bakarrik behar dira, ez dago errezeta magikorik». Zarauzko (Gipuzkoa) Orokieta herri ikastetxeko zuzendari Xabier Mujikak zalantza gutxi ditu ikasle etorkinen eta haien familien eskolatzearen eta gizarteratzearen inguruan. Zalantza gutxi ditu orain, bere garaian izan zituelako bat baino gehiago bere lankideek bezala; eta handiak, gainera.

Orokieta lehen hezkuntzako ikastetxeak 800 ikasle baino gehiago ditu egun. Horietako %6 – 7 dira etorkinak. Zarautzen badaude beste herri ikastetxe batzuk, eta orain dela 7 urte ez zuten hainbeste ikasle. Mujikak azaldu duenez, denbora horretan asko zabaldu zen beren izen ona herrian, eta gainera, lehen zentroa herriaren kanpoko aldean bazegoen ere, orain etxebizitzen ondoan dago, herriaren hedapenagatik. Horrek guztiak eraginda, urte gutxian hirukoiztu egin da Orokieta zentroko ikasle kopurua.

Aurreko urteetan ikasle sektore berezi batekin lan egitera ohitu ziren Orokieta zentroko irakasleak. Ikastetxearen ondoan Guardia Zibilen kuartela dago, eta hango seme – alabak joaten ziren; eta orain ere joaten dira. «Orain egonkortuago daude, baina lehen hilabete batzuetarako bakarrik etortzen ziren gure artera».

Baina orain dela 6 urte, Europakoak ez ziren lehenengo ikasle etorkinak hartzen hasi ziren Orokietan, eta orduan zalantza handiak sortu ziren. Mujikak azaldu duenez, hasierako urtean aparteko ikasgela batean sartu zituzten ikasle etorkinak. Ikasgai batzuetarako (matematika, ingelesa, musika, gorputz hezkuntza) bakarrik eramaten zituzten haienak izan beharko luketen geletara. Emaitza txarrak izan zirela agertu du Orokietako ikasketa buru Idoia Lasartek. «Ikasleen artean liskarrak sortzen ziren, borrokak. Irakasleek esaten ziguten ikasle etorkinak ez zutela lekurik bilatzen eskolan. Ez ziren ikastetxeko kide sentitzen».

BALIABIDEAK IKASGELAN. Hurrengo ikasturterako aldaketa sakonak egin behar zirela argi zuten Orokietako hezkuntza arduradunek. Hala, ikasle etorkinak haienak izan beharko luketen ikasgeletan sartzen hasi ziren hasiera – hasieratik. Euskararekin arazoak izango zituztela jakinda, bigarren irakasle bat sartu zuten ikasgeletan.

Emaitzak berehala aldatu ziren. «Ikasleak motibatuta izatea da gakoa, beraiek gustura sentitzea ikastetxean eta inguruan». Ikasle etorkinak ikastetxeko parte egiteko, zentroko paisaian beren ama hizkuntzan agertzen diren oharrak jartzen dituzte. Era berean, ikasleen gurasoak ikastetxearen bizitzan txertatzen ahalegintzen dira. Herriko elkarteekin harremanetan ere jartzen dituzte.

Ikasle etorkinak ahalik eta gutxien ateratzen dituzte beraien ikasgeletatik. Astean hiruzpalau ordu izaten dituzte hizkuntza gelan deitzen duten horretan. «Berez, euskara ikasteko gela izan beharko litzateke, baina guk ondo baino hobeto dakigu euskara ez dutela gela horretan ikasten; beren ikaskideekin daudenean ikasten dute euskara», dio Xabier Mujika zuzendariak.

Hizkuntza gela horietan laguntza emozionalak beste edozerk baino garrantzi handiagoa duela aipatu zuen Lasartek. «Beren ama hizkuntzan sentitzen dutena adierazteko aukera dute, eta horrek asko laguntzen die. Baina denborarekin, eta euskara menperatu ahala, ez dute aparteko gela horretara joan nahi, nahiago dute beren ikasgelan geratu». Hala, Orokieta ikastetxean frogatu dute urte eta erdian ikasle etorkin bat gai dela bere ibilbide kurrikular guztia euskaraz egiteko. «Gu baino gehiago, ikasleak beraiek izaten dira euskaraz bakarrik egin nahi dutela esaten dutenak. Bide gogorra da, baina lan eginez gero, emaitza onak lortzen dira», azpimarratu zuen Mujikak.

Orokieta ikastetxearen antzeko arazoa izan zuten denbora bertsuan Usurbilgo Udarregi ikastolakoek (Gipuzkoa). Herriko ikastetxe bakarra da, eta bertan hartzen dituzte ikasle etorkinak. Orain sei urte, hiru errumaniar joan zitzaizkien ikastolara, Udarregiko zuzendari Mariaje Imazek esan zuenez. «Hasieran, zailtasun handiak izan genituen. Ez genuen oinarririk ez plangintzarik». Beste ikastola batzuekin batera, plangintza bat prestatu zuten, eta orain emaitza onak ematen ari da. «Ikasle etorkinak edukitzearen aberastasuna egunerokoak ikusten ari gara. Aberastasun pertsonala eta soziala eskaintzen dute». Dena dela, etorkinekin lan egiteko baliabide gehiago eskatu zituen. «Guztion artean lortuko dugu, ahalegin handia eskatuko digun arren, baina baliabideak behar dira».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)