Donostiako Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri emango du
Donostiako Udalaren irudiko, «gardentasun» ariketa bat da. Bilboko eta Gasteizko udalek kontrakoa erabaki dute: ez dute atxilotuen jatorria jakinaraziko.
Berria, , 09-02-2026Donostiako Udalak iragarri duenez, udaltzaingoak atxilotutako pertsonen jatorriaren berri emango du; horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezarritako jarraibideari jaramon egingo dio. Aldiz, kontrakoa erabaki dute Bilboko eta Gasteizko udalek: orain arte bezala, ez dute jakinaraziko atxilotuen eta ikertuen jatorria zein den.
Donostiako Udalak —EAJk du alkatetza— esan du aspalditik jakinarazten dizkiotela Ertzaintzari eta epaitegiei atxilotuen datuak, besteak beste, jatorria, eta, horrenbestez, «eboluzio naturala» dela herritarrei ere horren berri ematea.
Erabakia defendatu dute. Haien esanetan, «gardentasun ariketa bat» da; zehaztu dute datua komunikabideek edo herritarrek eskatutakoan emango dutela, edo «egoerak hala eskatzen duenean».
Bilbon eta Gasteizen, ez
Bestelako norabidea hartu dute Bilboko eta Gasteizko udalek: Segurtasun Sailren jarraibideari muzin egin eta orain arte bezala jarraituko dute. Amaia Agirre Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziaren esanetan, atxilotuen jatorriak ez du zerikusirik delituekin, eta informazio hori zabaltzeak ez dio inori ekarpenik egiten: «Immigrazioa eta delinkuentzia lotzea akats larria da. Segurtasun faltaren irudipena handitu besterik ez du egiten». PPk egin zuen eskaera, mozio bidez, eta Elkarrekin Podemosek beste bat aurkeztu zuen, justu kontrakoa eskatzeko. Udal gobernuari eusten dioten EAJk eta PSE-EEk moldatu egin zuten Elkarrekin Podemosen mozioa, eta hori onartu zuten EAJren, sozialisten eta EH Bilduren babesarekin.
Gasteizen, berriz, EAJk eta PPk eskatu zuten xehetasun horiek jakinarazteko, baina Maider Etxebarria (PSE-EE) alkateak esan zuen «alkate eta udaltzaingoaren buru gisa» ez duela modurik emango horretarako.
Ertzaintzak urrian aldatu zuen irizpidea, eta harrezkero jakinarazten du atxilotuak jatorriz nongoak diren. Horren harira, EAEko Arartekoak jarduketa bat abiatu zuen ofizioz, ikertzeko Ertzaintza zergatik hasi den horrela jokatzen; orain hamalau urte erakunde horrek berak gomendatu zuen atxilotuen jatorria ez publiko egitea.
(Puede haber caducado)