Errefuxiatu saharar bat ito da Euskal Herrira iristeko ahaleginean

Berria, Kepa Ugarte Martiarena, 06-02-2026

Milaka etorkini gertatu bezala, Iberiar penintsulara bidean Mediterraneo itsasoa zeharkatzen saiatzen ari zela hil zen Mohammed Lamine sahararra, duela egun batzuk. Euskal Herria zuen helmuga, Antzuolan (Gipuzkoa) eskuratu nahi baitzituen sorterrian lortu ezin zituen bizi baldintza duinak. Lamineren heriotza gaitzesteko, elkarretaratzera deitu zuten Antzuolako bizilagunek eta ekintzaileek, gaur arratsalderako. Herriko plazan batu dira, 19:30ean. Batetik, zera nabarmendu nahi dute: «Gure artean inor ez da ilegala». Bestetik, Saharako gatazkan Espainiako Gobernuak duen «konplizitatea» salatu nahi dute.

«Tristura handia ez ezik, amorrua eta ezintasuna ere eragiten digu heriotza horrek, Saharako errefuxiatuak kanpalekuetan abandonatuta dauzkatela berresten baitu», adierazi du Saharako Lagunen Elkarteen Federazioak. Antzuolako herritarrei esker izan dute Lamineren heriotzaren berri, eta gaurko deialdia zabaltzea erabaki dute, «ahal eta nahi dutenak Mohammeden ingurukoei babesa adieraztera etor daitezen une latz hauetan». Federaziokoek ere doluminak helarazi dizkiete itotako sahararraren lagun eta senideei, Adnan Dahi Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidentearen bitartez.

Honako hau azpimarratu nahi izan dute: «Gertaera tragiko honek are gehiago indartzen du gure konpromisoa: saharar herriarentzat lan egitea eta borrokatzea, eta eskatzea behin betiko irtenbide justu bat, autodeterminazio eskubidea eta Espainiako Estatuaren abandonuaren amaiera».

Etsipena eta arriskua

Dahik jakinarazi duenez, duela hiruzpalau egun ontziratu zen Mohammed Lamine ontzi batean, Aljerian. «Ekaitza dagoenean irten ohi dira ontziak, kostazainekin topo egitea zailagoa delako», azaldu du. Laminen laguna zen, unibertsitatean elkar ezagutu baitzuten, Aljerian.

Dirudienez, Espainiako kostaldera heltzear zirela, uretara salto egin, eta ito egin zen. Izan ere, horrelako bidaietan ohikoena hori da, itsasertzera iritsi baino lehen patroiak jauzi egiteko agintzea. «Ondoezik zegoen. Gainera, ez dut uste igeri egiten zekienik», aipatu du Dahik. Ontzian zihoazenak hari laguntzen ahalegindu ziren, baina alferrik. Lamine izan zen zendutako etorkin bakarra. Hain zuzen, pateran harekin zihoan aljeriar baten ahotik jakin du zer gertatu zen Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidenteak.

Dahik nabarmendu duenez, «etsipenak» bultzatu zuen Lamine patera horretan sartzera, ez baita ohikoena saharar errefuxiatuek horrelakorik erabiltzea penintsulara heltzeko. «Besteak beste, Espainiaren Aljeriako Kontsulatua bisa ukatzen ari zaio hainbati, eta gehienek denbora luzea daramate horren zain». Pilar Etxaniz Antzuolako bizilagunak zehaztu duenez, zendutako etorkina «askotan saiatu zen bisa lortzen, baina oztopoak jarri zizkioten behin eta berriro». «Dirudienez, erabakirik arriskutsuena hartu zuen bere helburua lortzeko», deitoratu du hark.

Lamine Gipuzkoako udalerri horretako familia baten lagun mina zen. Herrian gertatutakoaren berri izan zutenean, hainbat bizilagun elkartu ziren, eta gaur elkarretaratzea egitea erabaki: «Itsasoak irentsi egin duela edo istripu bat izan dela esatea litzateke errazena. Baina arrazoi sakonak daude gertatu denaren atzean», adierazi du Etxanizek.

Erantzukizunak eta elkartasuna

Etxanizek Marokoko Gobernua jo du egoeraren erruduntzat, 50 urte igaro baitira Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. «Sahararren hainbat baliabide xahutzen jarraitzen du, baita haiei autodeterminaziorako eskubidea ukatzen ere», gehitu du antzuolarrak. Espainiako Gobernuari, berriz, «sahararrak saltzea» egotzi dio.

Dahi ere horri buruz mintzatu da. Saharako herriarentzat «irtenbide justua» proposatu beharrean, Espainiako Gobernua «etsaiarekin lerratu» da, salatu duenez. «Pedro Sanchez gobernuburuaren jarrera aldaketak min handia» egin dio saharar herriari: «1975ean, Sahara Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen Espainiako Gobernuak, eta, 2022an, bigarren labankada sartu zion, Marokok proposatutako autonomia plana onetsiz». Izan ere, plan horrek ez du aitortzen saharar herriaren autodeterminazio eskubidea. «Hori da gerora etorri diren arazo guztien sustraia».

Biek ala biek Espainiako Gobernua «konplizetzat» jo dute. Ildo berean, Atzerritarren Legea txarretsi du Etxanizek, «jendeari oztopoak jartzen baitizkio libreki mugitzeko».

Lamineren senide eta lagunei elkartasuna adierazi nahi diete antzuolarrek, gaur egingo duten elkarretaratzearen bitartez. Horretaz gain, aldarrikatu nahi dute «gure artean inor ez dela ilegala». Izan ere, zera uste du Etxanizek: «Eskubideak ukatzeak azkenean hil egiten du».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)