Etorkinei tratu txarra ematea egotzi diete Italiari eta Libiari

Berria, 14-09-2006

erredakzioa

Afrikatik Europako Batasunera sartzen saiatutako etorkinen giza eskubideak bortxatzea egotzi die Human Rights Watch erakundeak Italia eta Libiari. Milaka atzerritar indarrez kanporatu dituzte, nahiz eta euren jatorriko herrialdeetan jazarpena edo tortura pairatzeko arriskua izan, erakundearen arabera. Silvio Berlusconiren agintepean 2.800 errefuxiatu afrikar bidali zituzten bueltan Libiara, asilo eskatzeko aukerarik eman gabe. Libiako Gobernuak 145.000 errefuxiatu inguru kanporatu zituen 2003. eta 2005. urteen artean. HWRren arabera, Eritrea edo Somaliara itzulitako errefuxiatuek zigorrak pairatzeko arriskuan ziren.

Lampedusa uhartera -Siziliatik gertu- heldutako etorkinak dira Erromak kanporaturikoak. Giza eskubideen aldeko erakundeak dioenez, eskaera egin zuen uharteko atxiloketa guneak ikusteko, baina Italiako agintariek baimena ukatu zieten. Guneotan etorkinak pilatuta bizi direla eta zaindarien aldetik tratu txarra jasotzen dutela uste du erakundeak.

Romano Prodiren gobernuak, taldekako egozte politika bertan behera utzi duela nabarmentzen du Human Rights Watchek.

ETORKINAK, DESAGERTUTA. HRWrena ez zen Italian gertatzen denaren inguruan atzo eginiko salaketa bakarra. Poloniako Poliziaren arabera, 123 poloniar desagertu dira azken urteotan, Italiako hegoaldeko Puglia eskualdera tomate uztan lanean aritzera joan ondoren. Pugliako Polizia 15 poloniarren eta lituaniar baten heriotza ikertzen ari da, hil egin dituztela susmatuta. Uztailean 25 pertsona atxilotu zituzten Italian, «kontzentrazio esparruen pareko» etxaldeak kudeatzeagatik. Horietan Poloniatik heldutako langileek apenas jasotzen zuten jana edo ordainik 15 orduko lanaldiak egin arren, eta zaindariek kolpeka hartzen zituzten.

Legez kanpo heldutako etorkinak Senegalera bidaltzen hasi dela zabaldu zuen atzo Espainiako Gobernuak. Hitzarmena lortu dute Afrikako herrialdeko agintariekin, horiek etorkinak jaso ditzaten. Madrilen arabera, Senegalen eta Mauritanian giza trafikoan zebiltzan 700 sare desegin dituzte azken hilabeteotan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)