Immigrazioko Polizia Minnesotan geratuko da paperik gabeko migranteen «arazoa» konpondu arte

Berria, Julen Otaegi Leonet, 29-01-2026

AEBetako Immigrazio Poliziak Minnesotan bi herritar tiroz hil eta gero, «atzera» egingo dutela iragarri du Tom Homan Ameriketako Estatu Batuetako

mugen tsarrak.

Ez du esan zenbat agente joango diren estatutik, ezta nola edo noiz joango diren ere: estatu horretako agintarien «kooperazioaren araberakoa» izango da hori. «Ez dugu gure misioaz etsiko. Azkarrago jokatuko dugu», esan du gaur eman duen prentsaurreko batean; Minnesotara heldu zenetik egin duen lehenbiziko agerraldia izan da. Erantsi du Minnesota ez dutela agentez hustuko «arazoa» amaitu arte: «Soluzio bila etorri nintzen hona».

Aitortu du poliziek «hobeto» egin dezaketela lan, hemendik aurrera «aldaketa handiak» egongo direla, nahiz eta paperik gabeko migranteen kontra jarraituko duten operazio «zehatzagoak» eginez. Reuters berri agentziak Minnesotan diren ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren arduradunei bidalitako mezu elektroniko bat filtratu du; horretan, agindu die ez dezatela hitz egin «aztoratzaileekin»: «Egoera sutu besterik ez da egingo. Inork ez du bestea konbentzituko».

Donald Trump AEBetako presidenteak astelehenean bidali zuen hara

mugen tsarra

, ICE zuzendu zezan —migrazio eta muga gaietan gobernuak izendatutako kargu berezia da Homanena—. Polizia indarkeria salatzeko protestak gorenean dira Minnesotan; agenteek joan den asteburuan

hil zuten Alex Pretti

, eta duela hiru aste

Renee Nicole Good. Victor Manuel Diaz, Minnesotan atxilotutako eta Texasera lekualdatutako migrante bat, ICEren zaintzapean zela hil zen, duela bi aste.

AEBetako Gobernuak

Metro Surge

operazioa abiatu zuen abenduan, eta 2.000 agente bidali zituen. Beste mila daude orain; protestei kontra egiteko bidali baitituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)