Santurtziko ezkutuko hiru bidaiariak kanporatu egingo ditu Espainiak
Berria, 14-09-2006ERREDAKZIOA
Bilbo
Abuztuaren 22an Santurtzira (Bizkaia) iritsitako ezkutuko hiru bidaiariak kanporatu egingo ditu Espainiako Gobernuak Bizkaian daukan ordezkaritzak – Europapress berri agentziak atzo jakinarazi zuenez, atzo gauerako kanporatzea espero zen, baina lerro hauek idazterako orduan oraindik kanporatu gabe zeuden – . Madrilgo epaitegi batek emandako ebazpena oinarri hartuta, erabakia «behin – betikoa» dela adierazi dute, gainera. Epailearen epaia argia da: «Tanzania eta Kongoko hiru etorkinen osasun egoera ez dago arriskuan eta , beraz, euren herrialdeetara bidali behar dira». Marshall uharteetako bandera daukan itsasontzian iritsi ziren, eta hurrengo portua Herbehereetako Rotterdam hirikoa da. Hilaren 4an abiatu zen itsasontzia.
Osasun arazoak zituztela argudiatuta asilo politikoa eskatu zuten hirurek, baina Madrilgo epaitegi batek ukatu egin die eskaera hori. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren hitzetan, ezkutuko bidaiariek izan duten «laguntza eskasaren eta kudeaketa txarraren» ondorioa da kanporatzea. Bi bide daude orain: berehala euren herrialdeetara eramatea, edo kanporatzea Gobernuz Kanpoko Erakunderen baten bidez (CEAR kasu) egitea. «Gu beti saiatu gara traumatikoa izango ez zen erabakia hartzen, baina zoritxarrez ez da posible izan».
HIRURAK GOSE ETA EGARRI GREBAN. Abuztuaren 22an Santurtzira iritsi eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak irailaren 4an eman zien barkutik jaisteko baimena. Aurretik Gurutze Gorriaren esku utzi zituzten ezkutuko hiru bidaiariak. Laugarren etorkin bat ere iritsi zen Santurtzira, eta babesa laurek eskatu bazuten ere, bakarrari eman zioten. Beste hirurek gose eta egarri greba hasi zuten, ontziaren barruan egon behar zutelako eta bertan tratu txarra ematen zietela salatu zutelako. Epaile batek portuko trantsizio gunera eramateko agindu zuen, baina Madrilgo epaitegiaren epaiaren zain zeuden euren etorkizuna argitzeko.
Tarte honetan CEAR Euskadiko Errefuxiatuak laguntzeko Batzordeak gogor salatu du hiru bidaiariei emandako tratua. Hirurak kanporatu egingo dituztela jakin eta berehala halakorik ezin dutela egin jakinarazi dio CEARek Espainiako Gobernuari. «Kanporatu aurretik kanporatzeko txostena egin beharra dago, eta oraindik ez dute egin. Legez kanpokoa litzateke etorkin horiek kanporatzea».
(Puede haber caducado)