jean-philippe Chauzy IOM Immigraziorako Nazioarteko Erakundeko eleduna
«Immigrazioa kudeatzeko nazioarteko sistema bat behar da, denon onerako»
Immigrazioa arazotzat jo beharrean aberastasuna sortzeko eta banatzeko aukera bihurtzeko plana aurkeztuko du IOM erakundeak gaur NBEren egoitzan
Berria, 14-09-2006edu lartzanguren
Gobernuen arteko organoa da Immigraziorako Nazioarteko Erakundea (IOM). 1951. urtean sortu zuten, Bigarren Mundu Gerrak euren herrialdeetatik desplazaturiko pertsonak berriz kokatzen laguntzeko. Nazio Batuen Erakundearekin lan egiten du, eta proposamen sorta bat aurkeztuko du gaur eta bihar New Yorken, NBEren Asanblea Nagusiarekin batera immigrazioaren inguruan egingo den eztabaidan. Jean – Philippe Chauzy da IOMen eleduna.
NBEren batzar nagusian immigrazioaz mintzatzeak erakusten du nazioarteko erakundeek arazo larritzat jotzen dutela gaia egun?
Azken hiru urteotan munduko afera garrantzitsuenetako bat bilakatu da immigrazioa, eta NBE da leku egokienaa hari heltzeko. Bilera honetan azkenean onartzen da immigranteak eragile aktiboak izan daitezkeela euren jatorrizko herrialdeen garapenean. Alde batetik, irabazitako diruaren zati bat bidal dezakete, eta, horren bidez, lanpostuak eta aberastasuna sortu han. Egun, 167.000 milioi dolar inguru itzultzen da herrialdeotara etorkinei esker, eta diru kopuru ikaragarria da hori. Bestalde, Europan, esaterako, trebaturiko sendagile bat bere herrialdera itzuli eta ikasitakoa irakats dezake berriz. Horren bidez, herrialdeotan horrenbeste behar den trebakuntza bultza dezakete etorkinek. Oso pozik gaude immigrazioa eta garapena halako maila altuan eztabaidatuko delako, baina eskatzen duguna da benetako egitasmoak indarrean jartzeko, immigrazioak garapenean benetan lagunduko duela ziurtatzeko. Horrez gain, saiatuko gara eragile guztiekin hitz egiten, baita alor pribatuarekin ere, langile eskaera eta eskaintza orekatzeko munduan.
Immigrazioa aukera gisa ikusten duzue zuek, arazo gisa baino. Zergatik da, orduan, Europako eta AEBetako gobernuen egungo estrategia nagusia etorkinei hesiak altxatzea eta mugen zaintza areagotzea?
Guk ez dugu uste mugak zaintzea aski izango dela gai honi aurre egiteko. Immigrazioa kudeatzeko eta bi aldeentzat onuragarria dela ziurtatzeko, ikuspegi zabalagoa izan behar da. Herrialdeek ateak ireki behar dizkiete legezko immigrazio egitasmoei, jendeari aukera emateko lana legez egiteko. Horrez gain, inbertsioak egin behar dira jatorrizko herrialdeetan, ziurtatzeko jendeak nahi duelako emigratzen duela, eta ez behartuta dagoelako.
Posible al da mundu osoan ezartzea zuek proposatzen duzuen langileen mugimendua kudeatzeko mekanismoa, aire trafikoaz arituko bagina bezala?
Eskaera eta eskaintza hobeto kudeatzean datza mekanismoa. Egun baino askoz hobeto koordina daitezke herrialde garatuek dituzten beharrak eta garatzeko bidean diren herrialdeetatik atera nahi dutenen nahia. Horrez gain, ziurtatu behar da jatorrizko herrialdeak langile ikasiez husten ez direla, baina, aldi berean, aukera eman behar zaie haiei ikasteko eta trebatzeko, trebetasun horiek gero berriz eraman ditzaten etxera.
Zer egin daiteke etorkinak jasotzen dituzten herrialdeetan, jendeak haiek mehatxu gisa ikus ez ditzan?
Zergatik aukeratzen dituzte legez kanpoko etorkinek herrialde batzuk eta ez beste batzuk? Begiratzen badiozu zein herrialdeetara doazen legez kanpoko giza trafiko sareak, ikusiko duzu herrialdeotan oso indartsua dela ezkutuko ekonomia. Legez kanpoko immigrazioaren aurka benetan borrokatzeko asmoa baduzu, ezkutuko ekonomiari aurre egin beharko diozu. Gobernuek immigrazioa kudeatzeko egitasmo sendoak indarrean jarri beharko dituzte. Erresuma Batuan, Espainian eta Irlandan, adibidez, immigrazioak sekulako bultzada eman die euren ekonomiari. Etorkinak jasotzen dituzten estatuetako herritarrei esan behar zaie immigrazioa kudeatzea ezinbestekoa dela, eta ongi egiten bada arazo izatetik denen onura izatera pasatzen dela.
«Alor pribatuarekin lan egitea ezinbestekoa da, langile etorkinen eskaintza eta eskaera orekatzeko»
«Legez kanpoko immigrazioa borrokatu nahi duenak aurre egin beharko dio ezkutuko ekonomiari»
(Puede haber caducado)