Itunetatik haratago, herritarrak

Berria, 13-09-2006

Agustin Unzurrunzaga

Sos Arrazakeriako kidea

Konstituzioko 13. 2 artikuluaren arabera – zeina 1992ko abuztuaren 27an berritu baitzuten Maastrichteko Itunera egokitzeko – , atzerritarrek udal hauteskundeetan eskubidea dute bai botoa emateko eta bai hautagai aurkezteko, betiere itun batean hala jasoa baldin badago edo elkarrekikotasuna hitzartu bada.

Beraz, gaur egun, Europako Batasuneko herrialdeetatik etorritakoek badute udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. Era berean, elkarrekikotasun hitzarmenak sinatu dira herrialde hauekin: Norvegia, Argentina, Txile eta Uruguai. Lau itunotatik bat bakarra dago berretsirik: Norvegiarekikoa. Latinoamerikako herrialdeekin sinaturikoak betetzeko, garatze arauak falta dira. Beraz, gaur egun, Europako Batasunekoak aparte utzirik, Norvegiatik etorritakoek bakarrik dute eskubidea Espainian udal hauteskundeetan botoa emateko eta hautagai izateko.

Beraz, gaur egun, Europako Batasunetik kanpoko atzerritarrek ez dute eskubiderik udal hauteskundeetan ez botoa emateko eta ez hautagai izateko, salbu Norvegiakoek.

PSOEk eta IUk legez besteko proposamen bat aurkeztu dute, beste herrialde batzuekin elkarrekikotasun hitzarmenak sinatzeko; hartara, herrialde horietako pertsonek izango lukete udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea.

Neurri horren bultzatzaileek ondotxo dakite sistema horrekin milaka lagun bazterturik utziko lituzketela, gutxieneko eskubide politikorik gabe, haien herrialdeekin ezin sinatuko delako elkarrekikotasun hitzarmenik: Afrika gehiena, Txina eta Kuba.

Ondotxo dakite sistema horrekin sendotu egingo dituztela Espainian bizi diren atzerritarren arteko aldeak, gutxienezko eskubide politikoei dagokienez. Eta bereizketa horren oinarria pertsonen jatorria izango da, ez hemengo biztanlea izatea edo ez. Eta hori, nire ustez, narraskeria galanta da.

Proposatu duten horrek ez du zerikusirik aspalditik asoziazio mugimendua gai honetan eskatzen ari denarekin. Mugimenduak aspaldi – aspalditik aldarrikatu du eskubide politikoen oinarria hemen bizitzea dela: hemen bizitzeak eman behar dizkie herritartasun maila horiek, eta ez herri batetik edo bestetik etortzeak. Sorterriak ez luke eman edo kendu beharko eskubide politikorik, hala nola boto eskubidea.

Halaxe pentsatzen dute Eusko Jaurlaritzaren I. Immigrazio Plana landu zutenek. Eta hala pentsatzen dute II. Planaren zirriboroa egin dutenek ere. Herritartasun barneratzailearen oinarria herrialdean bizitzea da, ez han edo hemen jaioa izatea. Bigarren planaren zirriborroaren eta lehenaren egileek egiatan sinesten baldin badute testu horietan esan dutena, espero dut ausart eta zintzo jokatuko dutela eta ez dutela bat egingo lehen aipaturiko legez besteko proposamen horrekin. PSOEk eta IUk nahiago izan dute Konstituzioko 13.2 artikulua ez ukitu; nahiago izan dute hemen bizitzeak, hemengo bizilagun eta auzokidea izateak, hemen lan egiteak, hemengo eskolan ibiltzeak ematen duen herritartasuna ukatzen segitu.

Zer zentzu du udal hauteskundeetan boto eskubidea ukatzeak hemen eperik gabe bizitzeko baimena duenari, zergatik eta Espainiako Estatuarekin elkarrekikotasun itunik sinatu ez duen herri batetik etorria izateagatik? Berriz ere esango dut: sorterria ez da kontuan hartu behar hemen bete behar den eskubide bat aitortzeko. Oinarria, funtsa, hauxe da: hemen bizitzea, hemen lan egitea, bizimodua hemen izatea.

Beti iruditu izan zait zentzugabea eta demokraziarako kaltegarria, mila laguni ez aitortzea udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea, zergatik eta Europako Batasunetik kanpo jaioak izateagatik. Beti iruditu izan zait zentzugabea udal politikan parte hartzeko eskubidea ukatzea hemengo herri eta hirietan bizi diren milaka gizon eta emakumeri: egoera arautzeko lege oztopo asko gainditu dituzte, beren senideak batu dituzte, seme – alabak hemen jaioak dituzte, hemengo eskolara joaten dira.

Hauxe da arazoa: legez besteko proposamen horrek ez du konponduko muinean dagoen zentzugabekeria hori, bereizkeria hori, bazterkeria hori. Aukeratu duten erdibide horrek, sorterriaren arabera, bizimodu politikotik kanpo uzten du, eta eskubide politikoak ukatzen segitzen du. Beharbada, batzuen arazoak konponduko ditu, baina ukatu egingo ditu beste batzuen eskubideak, eta handitu egingo ditu aldeak eta bereizkeria. Eta hori guztia, norberaren esku ez dagoen gauza bategatik: han edo hemen jaioa izateagatik.

(Erredakzioan itzulia)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)