Arabako etorkin gazteak, etxe bila

Castillo Sopeñan gazte etorkinen etxea zabaldu nahi du Arabako Foru Aldundiak; oposizioko alderdiak, inguruko herritarrak eta Udala aukera horren kontra azaldu dira.

Berria, 13-09-2006

Zabaltzen zentroa: bi logela eta dutxa bakarra hamar lagunentzat

Arabako Foru Aldundiak 2003ko ekainean zabaldu zuen gazte etorkinak jasotzeko Zabaltzen zentroa, Gurutze Gorriaren eraikin batean. Irtenbidea behin – behinekoa zen, baina behin – behineko egoeran daramatzate gazteek hiru urte, eta lokalak gabezia handiak ditu. Hala jaso zuen EAEko ararteko Iñigo Lamarcak 2004. urtean atzerriko adingabeen inguruan eginiko txosten batean.

Arartekoaren txostenean azaltzen dutenez, Gurutze Gorriaren eraikinaren azkeneko solairuan egokitu da adingabeak bizitzeko eremua. Zati horretan bi logela bakarrik daude hamar lagunentzat, sukalde – jangela bat, telebista eta mahai handi bat dituen egongela bat eta hezitzaileen egongela – bulegoa, biltegi bezala ere erabilia.

Bainugela bakarra dago dutxarekin. Solairuan dauden komunak ere erabil daitezke, baina horiek eraikinean dauden guztientzat dira. Gainera, ez dute dutxarik; beraz, dutxa bakarra dute adin gabe guztientzat.

Bestetik, eraikinaren diseinua dela eta, ez da nahikoa aireztatzen eta adingabeak bizi diren solairuan tenperatura altuegiak izaten dira. Halaber, Lamarcaren txostenak aipatzen zuenez, funtsezko muga dago ordutegiari edo Zabaltzen zentroan egoteko denborari dagokionez: adingabeak 20:00etatik 9:30ak arte bakarrik egon daitezke bertan edo Gurutze Gorriarekin hitzartutako jarduerak egiteko (alfabetizazio tailerrak, sukaldaritza edo autonomia tailerrak, esate baterako).

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)