Ehundik gora polizia Martutenen, bederatzi migratzaile identifikatzeko

Berria, Jakes Goikoetxea/Jakes Goikoetxea, 04-12-2025

«Hau guztia beste modu batera egin zitekeen». Donostian kalean bizi direnekin lan egiten duten elkarteetako ordezkarien hitzak izan dira. Etsipen eta amorru hitzak. Haien atzean, ertzainen giza hesi bat, boluntarioak eta kazetariak Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharrera gerturatu ez zitezen. Eskola zaharra hustera joan dira, eta bertan zeuden bederatzi pertsonak aterarazi dituzte.

09:30erako jarrita zegoen eraikina husteko ordua. Azken urteetan etxerik gabeko dozenaka migratzaile bizi izan dira eraikin abandonatu horretan, oso baldintza gordinetan, kaletik ihesi. Duela hiru aste egindako kontaketa baten arabera, 111 zeuden: 107 gizon eta lau emakume, 20 – 40 urte artekoak, Aljeriakoak eta Marokokoak gehienak. Martuteneko eraikin abandonatua migratzaile askoren etxea izan da azken urteetan. Batzuek bi urte baino gehiago egin dituzte bertan.

Baina, iragan ostiralean, hiriko zortzi taldek jakinarazi zuten epaileak eraikina gaur husteko agindua eman zuela. Beraz, ondorengo egunetan, migratzaile horietako askok trasteak hartu eta eraikina utzi dute. Egunotan ohikoa izan da migratzaileak eraikinetik ateratzen ikustea, motxilak bizkarrean eta poltsak eskuetan, eta gutxi batzuk baino ez dira geratu.

Izan dira gaur bertan azken orduan atera direnak. Polizien ibilgailuekin gurutzatu dira: migratzaileak kanpora, poliziak barrura. Donostiako Hiritarren Harrera Sareko eta Kaleko Afari Solidarioetako ordezkariak goizean goiz joan dira, eta ez zekiten barruan zenbat lagun zeuden. Gutxi, dena den.

Eraikinaren barruan migratzaile gutxi egongo zirela jakinda ere, polizia operazio handia antolatu dute gutxi horiek kaleratzeko: Ertzaintzaren istiluen kontrako unitatearen hamabost furgoneta, auto batzuk ere bai, Espainiako Poliziaren lau auto, anbulantzia bat eta Donostiako Udaltzaingoa, errepideetako bidegurutzeak eta eraikinaren sarrerak zaintzen. Ehun poliziatik gora. Drone bat ere bai hegan. 09:00etan iritsi eta ia 12:00ak arte egon dira bertan.

Ertzaintzaren furgoneta batzuk. Hamabost joan dira gaur goizean Martutenera. GORKA RUBIO / FOKU

Goizekoa ez da izan eraikina husteko polizia operazio bakarra. Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, gauerdian ertzainak eta udaltzainak joan dira eraikinera, migratzaileak kanporatzera.

Goizeko operazioan, ibilgailuek agustindarren eskola zaharreko patio osoa hartu dute, eta migratzaileak bereizteko eta identifikatzeko hesiak jarri dituzte. Zakurren unitatea ere eraman dute, migratzaileen maleta, motxila eta poltsak usaintzeko eta drogak atzemateko.

Operazioaren emaitza: bederatzi lagun identifikatu dituzte. Horietako batzuk ez ziren eraikinean bizi, baizik eta eraikinaren ondoko txaboletan. Patiora eraman dituzte; miatu, eta metal detektagailua pasatu diete.

Identifikatu zain egon dira denbora luzean. Espainiako Poliziak lau pertsona eraman ditu; gainerako bostei joaten utzi diete, baina haietako batzuei erresistentziaz aritzea egotzi diete. Berokirik eta trasteak hartu gabe atera dituzte batzuk, eta bati tapaki termikoa eman diote. Geroago, poliziek zainduta, berriro bueltatu behar izan dute eraikinera edo txabolara arroparen eta trasteen bila. Ez diete utzi kanpin dendak hartzen.

Donostiako Udalak La Sirena aterpetxea zabaldu zuen atzo gauean, Martuteneko eraikina utzi eta kalean geratu zirenentzat. Ehun leku ditu aterpetxeak, eta Euskalmetek gauean izotza egingo duela iragartzen duenean bakarrik zabaltzen dute, kalean bizi direnak hartzeko.

Migratzaileetako bat, azken orduan trasteak hartuta, kalera bidean. GORKA RUBIO / FOKU

Jon Insausti alkateak gaur goizean Euskadi Irratian zehaztu duenez, 50 lagunek lo egin dute gaur bertan: Martuteneko eraikinean bizi izan direnen erdiek. Ez premia duten guztiek, udaleko gizarte zerbitzuek eskainitako gizarteratze «ibilbide pertsonalizatuak» eta «bizikidetza arauak» onartu dituztenek baizik.

Migratzaile horiekin lan egiten duten eta harremana duten elkarteek eta boluntarioek gezurtatu egin dituzte alkatearen eta udalaren adierazpenetako batzuk, eta udalaren jokabidea kritikatu dute: «Ez da harreman indibidualizaturik izan haiekin, eta irteera ez da mailakatua izan».

Aterpetxera joan ahal izan zirenek korrika eta presaka joan behar izan zuten atzo gauean. «La Sirena oso berandu zabaldu zuten atzo, eta hemen bizi diren batzuei abisatu zieten; baina oso berandu, eta jende asko kanpoan geratu da», salatu dute. «Gizarte eragileetako boluntariooi esker joan ziren hara, euripean». Aterpetxean langileak falta direla jakinarazi dute, eta kalean geratu diren guztiak hartzeko eskatu diote udalari.

La Sirena zabaltzea «azken orduko konponbidea» izan dela uste dute, gizarte mugimenduek egin duten indarraren ondorio. Aterpetxea zabaltzea ontzat jo dute, baina beste modu batera egin zitekeela nabarmendu dute, «kontuz eta errespetuz», guztien artean koordinatuta eta ondo antolatuta. «Eta denak barruan sartuta». Duela zenbait hilabetetik eraikina hustu egin beharko zela jakinda ere, konponbiderik ez bilatzea egotzi diete erakundeei.

«Oso gaizki daude, galduta, eta ez dakite nora jo», esan dute Martuteneko eraikinean bizi izan diren migratzaileez. Atzo arratsaldeko egoera deskribatu dute: nora jo ez zekien jendea, nola eraman ez zekien trasteak hartuta. «Leku guztietatik bidaltzen dituztela esan ziguten».

Zenbait gizarte taldetako ordezkariek protesta egin dute eraikinaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU

Martuteneko eraikin abandonatua izan dute bizileku eta etxe. «Hauek ez dira bizitzeko baldintzak, baina hau azkenean haien etxea izan da, ahalik eta ondoen txukundu dute, eta ahalik eta duinen bizi izan dira», azaldu dute boluntarioek.

Noiz arte egon ahalko dira udalaren aterpetxean? Alkateak ez du eperik zehaztu. Esan du asteak beharko dituztela migratzaile bakoitzarekin egiten ari diren lana bideratzeko. «Gizarteratzea da helburua, bertatik ateratzea desio dugu, baina oraindik ez».

Insaustiren arabera, «lanaren eta formakuntzaren bitartez gizarteratzea» da haien helburua. Migratzaile horietako askok ikasketak dituzte, eta ikastaroak egiten ari dira Donostia inguruan.

Gizarte taldeek gogorarazi nahi izan dute migratzaileek egoera erregularizatu gabe dutela Espainiako Atzerritarren Legearen ondorioz, eta ezin dutela lanik egin lehen bi urteetan: «Ez daude kalean hala nahi dutelako, baizik eta ez dagoelako beste baliabiderik eta ez dutelako lan egiteko aukerarik».

Martuteneko eraikinaren sarrerak hormaz itxiko dituzte. Eguerdi aldera hondeamakina bat ere eraman dute, eraikinaren inguruko trasteak eta zaborra jasotzen hasteko. Eraikina ez dute botako. Haren egungo jabeak, Gune fundazioak, zaharberritu eta hezkuntza proiektu bat egin nahi du bertan.

Ertzainak, agustindarren eraikin zaharreko migratzaile batekin. GORKA RUBIO / FOKU

Donostiako EH Bilduk txalotu egin du «kaleratzea era mailakatuan» egitea, alkateak hitzeman bezala, baina gehitu du hori elkarteen lanari esker izan dela hala: «Martuteneko eraikinetik ondasun pertsonalak ateratzen lagundu dute, garraiorako autoak jarri, eta babes emozionala eman».

La Sirena aterpetxea zabaltzea ere berri ona dela uste du, baina negu osoan zabalik uzteko eskatu diote udalari, izozteak gertatzeko zain egon gabe, kalean lo egitea «berez delako gogorra». Koalizioak salatu du udala ez dela jarri harremanetan agustindarren eraikinean bizi ziren guztiekin, eta haietako askori ez dietela eskaini lo egiteko lekua.

Polizien jarrera salatu dute arratsaldeko manifestazioan. JON URBE / FOKU

Iluntzean, berriz, migratzaileentzako materiala (kanpin dendak eta tapakiak) eta dirua bildu dituzte Egia auzoko Justizia Jauregian, eta ondoren, 19:00etan, Donostiako zortzi taldek manifestazioa egin dute,

Inor ez kale egoeran

lelopean. Bertan salatu dute Martuteneko polizia operazioa «neurriz kanpokoa eta diru publikoaren alferrikako gastua» izan dela, eta ertzainak kanporatze aginduak tramitatzen hasi direla. «Migratzaileen kriminalizazio sistematikoaren eta instituzioen utzikeriaren beste froga bat baino ez da kaleratze hau».

Era berean, gogora ekarri dute Donostian 500 pertsona bizi direla kalean: «Udalak orain arte baino askoz baliabide gehiago jarri behar ditu. Azken urteotan eskaria hamar aldiz biderkatu bada, aurrekontu sozialak maila horretan egon behar du». Atzerritarren eta etxebizitzaren legedia aldatzeko premia ere berretsi dute, kalean bizi diren migratzaileek ere oinarrizko eskubideak izan ditzaten. Izan ere, haien aurkako diskurtsoez ohartarazi dute: «Magrebtarrek Donostian pairatzen duten gorrotoa eta deshumanizazioa ideia atzerakoien eta arrazakeriaren gorakadaren adierazle beldurgarria dira».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)