PSE-EEk, atxilotuen jatorria ematearen aurka dagoen arren, EAJrekiko leialtasunari eutsi dio Legebiltzarrean

Berria, Kristina Martin-Isabel Jaurena, 04-12-2025

Urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila atxilotutakoen jatorria zehazten hasi zen Ertzaintzaren prentsa oharretan, eta hogei urtez baino gehiagoz izandako adostasuna apurtu zuen hala. Bingen Zupiria buru duen sailak alde bakarrez aldatu zuen irizpidea, PSE – EE gobernukidearekin adostu gabe. Zupiriak ordu hartan erran zuenez, informazio horrek «delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat» egiten lagunduko du. Segurtasun sailburuak aitortu zuen PPk eta Voxek «presio ikaragarria» egin dutela Ertzaintzak atxilotuen herritartasunaren berri eman dezan. Eta erantsi zuen Jaurlaritzak kontra egin duela beti, baina ez dutela argudiorik jatorriaren berri ez emateko. Eztabaida anitz ekarri ditu gai horrek geroztik, eta gaur Eusko Legebiltzarrera iritsi da, EH Bilduk aurkeztu duen mozio baten harira. Segurtasun Sailari atzera egiteko eta atxilotuen jatorria argitaratzeari uzteko eskatu dio koalizio subiranistak mozio horretan, baina ez da aurrera atera. EH Bilduk Sumarren botoak baino ez ditu eskuratu; gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk alegia, aurka bozkatu dute, eta PPk eta Voxek­ ere bai.

PSE – EEk kontra bozkatu du, baina EH Bildu —hark bultzatu du mozioa— bezain gogor aritu da Zupiriaren jarreraren aurka. PSE – EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik ez du ezkutatu EAJren erabakiak ezinegona sortu diela euskal sozialistei. «Ez gaude ados EAJk egindako aldaketarekin. Eskuineko eskaerei amore eman die. Gure ustez, EAJk huts egin du», adierazi du irmo Gallastegik.

Sutsuki defendatu du jatorria ez argitaratzea, eta bi hamarkadaz indarrean egon den irizpideak helburu bat duela berretsi: migrazioa eta delinkuentzia ez lotzea, alegia. Gallastegik azaldu du jatorriak ez, baizik eta zaurgarritasunak baldintzatzen duela pertsona batzuek beste batzuek baino delitu gehiago egitea. Ohartarazi duenez, Zupiriak alde bakarrez hartutako erabakiak jatorriaren eta delinkuentziaren arteko lotura indartzea besterik ez du lortu, «PPk eta Voxek nahi zuten bezala».

Jatorria zehazteko erabakia arrazoitzeko, Zupiriak esan zuen gardentasunaren izenean egin zuela hori. Gallastegi, ostera, zeharo aurka agertu da: «Ez da gardentasuna: testuingururik gabeko datuak dira, eta justu hori gardentasunaren kontrakoa da». Haren iritziz, «PPk eta Voxek migranteen aurkako arma bihurtu nahi dituzte datu horiek».

Argudioak eta botoa, ostera, ez dira bat etorri, eta EAJ gobernukidearekiko leialtasuna gailendu da PSE – EEren botoan: EH Bilduren zuzenketa eskaerarekin ados egonda ere, mozioaren kontra bozkatu du. Argudiatu duenez, nahiago dute gobernukideen arteko desadostasunak pribatuan lantzea, eta uko egin dio «legebiltzarrean Zupiriari zaplazteko bat» emateari.

Hauteskunde kutsua

EH Bilduren argudioak Nerea Kortajarenak defendatu ditu. Bingen Zupiriari irizpide aldaketa zuzentzeko eskatu dio, eta Segurtasun sailburuari aurpegiratu dio duela urtebete, 2024ko abenduan, Legebiltzarrean bertan sutsuki defendatu zuela jatorria ez argitaratzeko irizpidea, Vox alderdi ultraeskuindarrak hori aldatzea eskatu zionean. Orduan, Zupiriak esan zuen jatorria emateak diskriminazioa eta estigmatizazioa elikatzen dituela.

Kortajarenaren esanetan, Zupiriaren irizpide aldaketak hauteskunde kutsua du, eta egotzi dio ideologia kontserbadorea duten herritarren botoa eskuratu nahi izatea. Horretarako, haren hitzetan, adostasuna alde batera utzi, eta, marra gorria gaindituta, populismora jo du EAJk. Kortajarenaren aburuz, jarrera horren ondorioz, EAJk Vox hauspotu du, eta «atea zabaldu dio eskuin muturraren manipulazioari».

Iritzi berekoa da Sumar. Jon Hernandez legebiltzarkidearen esanetan, «erakundeak ez daude estigmatizazioa sustatzeko», eta, hain zuzen ere, hori baino ez da lortzen jatorria aipatuta: «Delituari buruzko informazioan ez du inolako ekarpenik egiten, baina arrazakeria, ostera, sustatu egiten du».

Zupiriaren ausardia goraipatu du

EAJko Joseba Diez Antxustegik, berriz, Zupiriaren ausardia goraipatu du. «Espainiako sailbururik ausartena dela esango nuke». Zupiriak erabakiaren defentsan egin zuen moduan, gardentasuna aipatu du jatorriaren berri emateko erabakia zuritzeko. Beste taldeei zera galdetu die: «Gizarteari datuak ezkutatzea proposatzen ari al zarete? Oso larria da termino demokratikoetan, informaziorako eskubidea bermatu behar baitugu». Horrekin batera, adierazi duenez, «alderdi demokratikoek kontuan hartu behar ditugu kaleetan, lantegietan eta tabernetan dauden eztabaidak, guk ez badugu halakorik egiten eskuin muturrari uzten baitiogu eremu librea».

PPk eta Voxek, aitzitik, atsegin handiz hartu dute Zupiriaren irizpide aldaketa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)