Tirabirak gertatu dira Migranteak Atxikitzeko Zentroan (CRA), Hendaian

Bazkaltzeko tenorean tirabirak sortu ziren, hilaren 23an, Hendaiako Santiago zubiaren ondoan den Migranteak Atxikitzeko Zentroan (CRA, frantsesez).

Gara, Maite Ubiria Beaumont, 25-11-2025

Hendaiako Joliot Curie karrikan kokatzen den Migranteak Atxikitzeko Zentroan (CRA, frantsesez) tentsio une larriak bizi ziren joan zen igandean, azaroaren 23an. Bazkaltzeko tenorean piztu ziren tirabirak abantzu betea den zentroan.

Orotara 29 bat etorkin daude bertan. Batzuk etorri berriak badira ere, beste batzuk 75 egun daramatzate bertan entzerraturik. Jakin behar da azken urteotan frantziar gobernuek bata bestearen atzetik migrazio legeak gogortzera jo dutela, besteak beste, kanporaketa noiz gauzatuko den zain egon daitekeen epea geroz eta gehiago luzatuz.

Gauzak horrela, 45 egunetik 90 egunera pasatu da atzerritar bat CRA batean atxiki daitekeen epea. Frantziako Barne ministroak epe hori 210 egunera luzatzeko asmoa bazuen ere, frantziar Kontseilu Konstituzionalak atzera bota zuen, iragan udaran, 2024an onarturiko legeak aurreikusten zuen neurria.

Migrazio legedia gogortzeko erreforma horiek guztiek kanporaketen xifrak emendatzea zuten xedea. Halaber, geroz eta pertsona gehiago, eta epe luzeagorako, CRA zentroetan giltzapeturik egotea eragin dute. Asteak eta hilabeteak ematen dituzte haien dosierrek ez aurrera ez atzera. Horrek ezinegona, etsipena eta tarteka tentsio bizia eragiten dutela.

Izan ere, 2023an Hendaiako CRAn sartu ziren pertsonek 31 egun eman zituzten batez beste bertan, «Hexagonoak eskaintzen dituen zifren gainetik», Julie Aufarek, La Cimade erakundeak Akitania Berriko eskualdean duen arduradunak txostena aurkezteko agerraldian baieztatu zuenez.

2024ko xifrak eskuetan, iaz 300dik gora lagun igaro ziren Santiagoko zubiaren ondoan dagoen atxikitze zentrotik. Horri kanporatze politikaren eraginkortasun maila eskasa gehitu behar zaio, batez beste CRAetan diren lagunen erdia libre gelditzen direlako jujearen aitzinetik pasa ondoren. Cimaden arabera, horrek agerian uzten du askotan legetik kanpo hesten dituztela.

Esaterako, Hendaiako erretentzio administratiboko zentroan 351 pertsona atxiki zituzten 2023an. Pertsona horietatik kasik %55 aske utzi behar izan zituzten, epaile batek bere giltzapetzea legez kanpokoa zela erabaki zuelako, edo frantziar administrazioak ezin izan zuelako kanporaketa agindua gauzatu. Kanporatzeko aginduetatik heren bat baizik ez da betetzen.

«Zaborra bota eta andeatzeak eragin dituzte»

Iragan igandean, 14:00ak aldera, tentsioak gora egin zuen Hendaiako CRAn, bazkaltzeko tenorean. Alliance Police Nationale sindikatuak plazaraturiko agiriaren arabera, «benetako oldarraldia gertatu zen».

«Muturreko bortizkeria piztu zen: [migranteek] zaborra bota zuten, endeatzeak egin zituzten, kamerak buxatu…», salatu du sindikatuak. Poliziaren esku-hartzearen ondotik, migranteak haien geletara itzuli zirela eta egoera baretu zela gaineratu du, bere aldetik, Pirinio Atlantikoen Prefeturak.

Istiluen ondotik pertsona bat isolamenduan eman zuten eta gainerakoak haien geletan utzi zituzten afariaren tenorea heldu arte. Cimadek Mediabask hedabideari adierazitakoaren arabera, erabaki horiek legez kanpokoak dira.

Eskuin muturrak bere sostegua adierazi die poliziei

Eskuin-muturrak ez du aukera galdu Hendaiako atxikitze zentroan gertaturiko istiluen harira mezu bikoitza pasatzeko.

Lehenik eta behin, bere sostengua adierazi dio Poliziari. Egoera jasanezina bilakatu dela salatu ondotik, bestalde, migranteen kontrako politika are eta gehiago gogortzeko deia luzatu du Pirinio Atlantikoetako bosgarren hautes-barrutian Batasun Nazionala (RN) alderdia ordezkatzen duen Nina Sandinek.

Heldu den urteko martxoan iraganen diren herriko bozak hurbildu ahala, bere presentzia areagotu du RNk, baita Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan gertatzen diren gertakarien harira ere bere iritzia emanez. Gehienetan, bere ideien arabera, «segurtasunaren eztabaida» astintzeko asmoa duten mezuak sare sozialen bidez hedatzen ditu eskuin muturrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)