Eskuin muturraren kontrako «harresia eraikitzera» deitu du EH Baik
EH Baik elgarretaratzea egin du gaur, hilaren 14an, Donibane Lohizuneko Louis XIV plazan. Eskuin muturra Ipar Euskal Herrian eskua sartzeko egiten ari den saiakerak ikusirik, martxoko bozetara begira harekin «aliantza bakar bat ere ez» egiteko galdetu die gainerako alderdi, zerrenda eta hautagaiei.
Gara, , 17-11-2025300 bat lagun batu dira eskuin muturraren gorakadari aurre egitea posiblea dela nabarmentzeko balio izan duen ekitaldira. Hala, trantsizio ekologikoa, politika feministak, migratzaileen aldeko harrera, euskararen sustapena edota justizia soziala ardatz izan dituzte Euskal Herria Baik antolaturiko elgarretaratzean hitza hartu duten ordezkariek.
Mathilde Hary bozeramaleari egokitu zaio heldu den urteko martxoan iraganen diren herriko bozen gaineko mezua helaraztea. Ohartarazi duenez, «eskuin muturreko indarrak gure lurraldean ere instalatzen saiatzen ari dira». Horren adibide dira, bere erranetan, Pierre-Edouard Sterinek hainbat «sektore bereganatzeko» eginiko ahalegin guziak. «Zorionez, erresistentzia handiak aurkitu ditu Euskal Herrian», poztu da EH Baiko ordezkaria.
Dena dela, alderdiak argi du, esaterako, Eric Zemmourrek atzo Angelun eginiko agerraldiaren gisako horiek ez direla «Pariseko buruzagiek» Euskal Herrira egiten dituzten bisita soil eta isolatuak.
Are, eskuin muturra «herriko bozetarako zerrendak osatzen edo eskuineko zerrendetan integratzen saiatzen ari dela» agerian ezarri du Haryk. Ondoren, honako mezu hau helarazi du: «Ipar Euskal Herriko alderdi, zerrenda eta hautagai guziei deialdi bat egin nahi diegu: arduraz jokatu eta eskuin muturrarekin aliantza bakar bat ere ez egitea». Preseski, «lurraldeak eta jendarteak jokoan» duena alderdiek dituzten interes propioak baino «garrantzitsuagoa» dela defendatu du.
Norabide horretan, EH Baik ere erantzukizuna bere egin eta argi adierazi du bere esku dagoena eginen duela «eskuin muturrak eta bere ideiek lekurik txikiena izan dezaten». Bada, hark egin bezala, gainerakoek ere «zerrenda bateratu, aliantza, eta bere [eskuin muturraren] marko ideologikoak elikatzen dituzten proposamen eta diskurtsoei» uko egitea garrantzitsua iruditzen zaio.
Hauteskundeez haragoko arriskua
Hala ere, abertzaleek jakin badakite eskuin muturraren arriskua ez dela hauteskundeetara mugatzen. Ipar Euskal Herriak «gai garrantzitsuen inguruko gehiengoak» —bake prozesua, instituzio berria, euskara, laborantza herrikoia…— lortu baditu ere, eskuin muturraren azkartzeak «jendartearen zatiketa» dakarrela azpimarratu dute gaur Donibane Lohizunen.
Lanjerraren aitzinean, EH Baik ozen aldarrikatu du aterabidea: «Inoiz baino gehiago, Euskal Herriaren burujabetza, gure identitatea, hizkuntza eta balio aurrerakoiak defendatzeko eta aitzinarazteko garaia da. Aberastasuna eta justizia sozialaren partekatzea guztiontzako bizitza hobe bat eraikitzeko benetako alternatiba da».
«Mehatxuei» buru egin eta «Euskal Herria aitzinarazteko herri gisa» jardutea ezinbestekotzat jotzen du alderdiak. Horretarako, «antolakuntza, mobilizazioa eta engaiamendu berri baterako deia luzatu» du Donibane Lohizunetik Ipar Euskal Herri osora.
(Puede haber caducado)