Palestinaren aldeko jaialdi solidarioa ospatuko dute azaroaren 23an Galarreta pilotalekuan
Bertan bilduko dira elkarrekin pilota modalitate nagusiak: esku pilota, zesta punta eta erremontea. Ekimenaren helburu nagusia Palestinako herriari laguntza humanitario zuzena ematea da, bertan bildutako diru guztia Gernika Palestina herri ekimenak bertara kudeatuko baitu
Gara, , 23-10-2025Ostegun arratsalde honetan aurkeztu da, Galarreta Jai-Alai pilotalekuan, azken urteetan ikusi ez den ekimen berezia: kirol, kultura eta gizartea uztartzen dituen jaialdi solidarioa, Palestinaren aldeko elkartasun keinua bihurtuko dena.
Azaroaren 23an, igande arratsaldean, ospatuko da 17.00tatik aurrera, eta bertan bilduko dira elkarrekin pilota modalitate nagusiak: esku pilota, zesta punta eta erremontea. Azken hamarkadetan gertatu ez den bateratze honek ilusioa piztu du pilotazaleen artean, frontoi mitiko batean izango baita: Hernaniko Galarretan.
Ekimenaren helburu nagusia Palestinako herriari laguntza humanitario zuzena ematea da, bertan bildutako diru guztia Gernika Palestina herri ekimenak bertara kudeatuko baitu. Proiektuaren babesle eta antolatzaileen artean daude Oriamendi 2010, hainbat pilota klub, eta kirol zein kultura arloko pertsona ezagunak.
Lehenik esku pilotako partida jokatuko da, eta bertan Apaolaza-Ibai Zabala arituko dira Mikel Goñi-Elizegi bikotearen aurka. Ondoren, zesta puntako norgehiagoka izango da, Erika Mugartegi-Arai Lejardi eta Elaia Gojenola-Maia Goikoetxea bikoteen arteko lehiarekin. Eta amaitzeko, erremonte partida: Ansa II.a-Aiestaran VI.a Goikoetxea V.a-Larrañagaren aurka.
Giroari kolore berezia emango diote Andoni Redondok eta Eli Pagola bertsolariek, euren bertso eta mezuekin.
Antolatzaileek aurkezpenean adierazi dute jaialdi honen baliorik handiena «euskal herriaren batasun eta elkartasun espiritua dela», eta gonbidapena luzatu diete elkarte, talde sozial, ikasle-talde, musika talde eta norbanako guztiei ekimenera batu daitezen.
Sarrerak jada salgai daude www.oriamendi.eus webgunean eta Galarreta Jai-Alairen orrian. Prezioa 10 eurokoa izango da 10 urtetik gorakoentzat, eta doakoa 10 urtetik beherakoentzat. Gainera, egun horretan bertan egingo dira dohaintza osagarriak, nahi duenak bere ekarpena egin dezan.
(Puede haber caducado)