Iparrorratz morala
Gara, , 22-10-2025Trumpen bigarren agintaldi honetan, tristeziatik haserrera eta haserretik (No kings!) depresiora dabiltza AEBko nire lagunak, baina ez diote arreta handirik jarri Venezuelan egiten ari denari. Hau idazten ari naizela, 30 dira, gutxienez, itsasoan hildako herritarrak. Narkotrafikatzaileak direla esan eta kito: akabatu ditu. CIAri ezkutuko operazioak egiteko baimena eman diola ere zabaldu da. Askori Kuba, Txile, Nikaragua, El Salvador eta Panaman egindako izugarrikeriak gogoratuko zitzaizkion. Oro har, estatubatuarrak ez dira askorik asaldatu, ordea. Indiferentzia da nagusi haien artean, baina ez soilik haien artean. Ez diote ba eman Bakearen Nobel Saria Venezuelako gerrazale nagusietako bati? Oso hedatuta dago ideia: AEBk libratu zuten Europa naziengandik; mundua, komunistengandik. Demokraziaren berme dira. Venezuela, aldiz, diktadura da. Zilegi da AEBk haren aurka egindako guztia. Zer nahiago dugu, Errusiarekin edo Txinarekin lerratu?
Ez dakit hemen ere diskurtso hori ez ote den barreiatzen ari. Palestinakoari «genozidioa» edo «apartheid» esateko erreparo gehien erakutsi dutenak dira, hain zuzen, «demokrazia», «diktadura» eta «terrorista» errazen darabiltzatenak. Israel estatu demokratikoa da, erasoetatik defendatzeko eskubidea daukana. Hamas, ordea, terrorista da; 2023ko urriaren 7ko erasoa «terrorista» da, nahiz indar okupatzaile baten kontrakoa izan. Palestinari ez zaio defentsa eskubiderik onartzen.
Ez da elefantearen memoria behar demokrata/biolento bereizketaren erabileraz gogoratzeko. ETAren ekintzak terroristak izan ziren, baita Carrero edo Manzanasen kontrakoak ere. Hala zioten (diote?) demokrata berriek. Indiferentziaz hartzen zituzten (dituzte?) tortura testigantzak, eta torturetan oinarritutako kartzelaldiak. Terrorista zen ezker abertzale osoa. Jazarri beharrekoa; ilegala. EAEko Segurtasun sailburuordeak faxistak eta antifaxistak berdindu berri ditu hitzez. Egurtu, antifaxistak egurtu ditu bere poliziak. Faxistak babestu. Desbideratuta segitzen du batzuen iparrorratz moralak; zuzendu gabe.
(Puede haber caducado)