Migranteen ikasketak onartzeko bide malkartsua
Gara, , 20-10-2025Migrazio prozesuek gizarteak ezagutzen ez dituen alderdi asko dituzte. Kontu horiei ez zaie ia jaramonik egiten eztabaida publikoan. Horietako bat da migranteen ikasketen eta lan-esperientziaren errekonozimendua, bai eta haien tituluak homologatzeko prozesuak ere. Lehen begiratuan tramite administratibo soil bat baino ez dirudi, baina praktikan prozesu hori luzea eta nekagarria da sarritan, batez ere titulu horiek Hegoalde Globaleko herrialdeetako hezkuntza erakundeetatik baldin badatoz. Kasu horietan, oro har, Espainiako Estatuan ez zaie titulurik aitortzen. Ospea duten unibertsitate anglo-saxoietako beste batzuek, aldiz, ez dute homologatu beharrik, nahiz eta egindako ikasketen edukia oso eztabaidagarria izan. Datu horrek ondo erakusten du egungo homologazio sistemak izaera oso klasista duela.
Euskal Herrira iristen diren migrante askok beren jatorrizko herrialdeetan ikasi dute eta titulu batekin heltzen dira, eta askotan baita baloratzen ez den lan-esperientziarekin ere, GARAk atzo eta gaur argitaratu dituen erreportajeetan zenbait emakumek lehen pertsonan kontatzen duten bezala. Une horretatik aurrera homologazio prozesua hasten da, zaila eta luzea izan ohi dena, eta elkarrizketaturen batek «arrazismo instituzional» hitzekin egoki definitu duena. Euskal Herrian tituluari zenbat eta garrantzi handiagoa eman, orduan eta zailagoa da homologatzea. Ikasketen eta esperientziaren errekonozimendu falta horren atzealdea da pertsona horiei guztiei eskaintzen zaizkien zeregin bakarrak zainketekin lotutakoak direla, eta, horietan, antza denez, ez da beharrezkoa ez esperientziarik, ez titulurik; beharbada, kasu gehienetan emakumeek egiten dituztelako, eta, hortaz, esperientzia dutela suposatzen delako; ezbairik gabe, suposizio matxista.
Klasismoak eta matxismoak baldintzaturiko egoera ilun horri aurre egiteko, elkarteek eta emakumeen etxeek lan handia egiten dute emakume migratzaileei laguntzen eta orientabidea ematen; era horretan lor dezaten oztopo-lasterketa gaindituz beren tituluak eta lan esperientzia errekonozituak izatea. Benetan txalogarria.
(Puede haber caducado)