55.000 ahotsen oihu bateratu ozena Bilbon

Egun berezien «usaina» sumatzen zen goizetik Bilbon. Palestinar koloreez jantzita -banderak, kufijak...-, Bizkaiko hiriburuan hitzordu historikoek sortzen duten zirrara izan zuen atzoko sindikatu gehienek deituriko manifestazioak, hirian inoiz egin den handienetakoak: 55.000 lagun, Euskal Herriko jendetsuena, antolatzaileen esanetan.

Gara, Amaia Ereñaga, 16-10-2025

Bilboko Kale Nagusiak “palestinar kolorea” hartu zuen goizeko hamaiketatik aurrera. Sindikatu gehienek deituta, Palestinaren aldeko lanuztearekin bat eginez, lanpostua edo eskola utzi eta jendeak hiribururantz jo zuen, kufijak, pankartak eta palestinar banderak hartuta. Asko herrietatik iritsi ziren, nahiz eta ez zen erraza gertatu Bilbora gerturatzea, garraioetan zerbitzu minimoak zeudelako.

Baina palestinarren genozidioaren kontra protestatzeko gogoa antzematen zen, amorrua ere bai, jende artean. Denborak aurrera egin ahala, protestara joateko asmoa zutenek, biltzen hasi eta “manifestazio paralelo” bihurtuta, benetako manifestazioaren abiapuntura jo zuten. Irudia, bitxia; aurreikusten zen manifestazio jendetsua izango zela.

Jesusen Bihotzaren plazatik atera zen sindikatu gehienek deituriko manifestazioa ELA, bere aldetik, PSEren egoitzaren aurrean egin zuen elkarretaratzea. LABek, CCOOk, UGTk, ESK-k, Steilasek, CGTk, Etxaldek, EHNE-Nafarroak, Solidarik eta Hiruk batu zituzten indarrak Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Horien datuen arabera, Bilbon 55.000 manifestari baino gehiago batu ziren. Jendetza, Euskal Herriko jendetsuena, ezbairik gabe.

«Manifestazio bat baino gehiago, elkarretaratze bat egin beharko dugula ematen du», laburbildu zuen sindikatu bateko kide batek ekitaldia hastear zela. Izan ere, ez zirudien erraza jendetza hura mugiaraztea. Dena, bidea, espaloiak, atariak… jendez leporaino zeuden.

Azkenean, palestinar komunitateko ordezkariei lekua egin zieten, horiek ireki behar baitzuten martxa palestinar banderarekin; Israelek eraildako kazetarien argazkiak zeramatzaten. Hunkituta ikusi genituen tarteka, negar-malkoak ezkutatu ezinik. Ordezkaritza horretan zen Nadia Nemeh Shomaly ere, Bermeoko alkatea. Horien atzetik, sindikatu deitzaileen ordezkaritza zabalak “Langileok Palestinarekin” pankarta zeraman. Manifestazioa 12.33an abiatu eta, Moyua plazaraino, oihu sendo eta ia bakarra entzuten zen Bilboko erdialdean: “Boikot Israel, Palestina askatu”, alegia. Etengabe eta ozen, adierazgarria zen espaloietan adin guztietako jendea batera lelo bera oihukatzen ikustea. Ia ordubete behar izan zuen manifestazioaren buruak udaletxeko zubira iristeko.

GAZATIK EUSKAL HERRIRA
Udaletxe aurrean dagoen zubian bukatu zen ekitaldi jendetsua, palestinar ordezkaritzak esker oneko hitzak adierazita: «Eskerrak ematera gatoz adierazi zuen taldeko ordezkari batek, ez gaudelako bakarrik: zuek gurekin zaudete. Borroka berean, lur berean, amets berean, zuek, Euskal Herri askearen seme-alabok, beti egon zarete gurekin plazetan, kaleetan, elkarretaratzeetan eta sentimenduan. Zuen ahotsak burrunba egiten du Euskal Herriko mendietatik Gazako zeruraino, munduari esanez ezin izango dutela askatasunaren garra estali».

«Askatasunaren garra ez baita itzaliko bizirik gauden bitartean jarraitu zuen eta Gazan eraildako haur bat dagoen bitartean, edo ama negarrez bere martiriaren aurrean, edo etxe bat hondakin bihurtu den bitartean».

«Palestina eta Euskal Herriaren arteko leialtasun ituna berrituko dugu, borrokaren plazetan inoiz falta izan ez den Euskal Herri librearekin. Zuen elkartasuna adierazteaz gain, gezur mediatikoaren aurka, nazioarteko axolagabekeriaren aurka, Gazan sua eta suntsipena eragiten duen sarraskiaren makineriaren aurka borrokatu zaretelako gurekin, Israelek Gazan eta gure herriarengan eragiten duen sarraski honen aurrean borrokatu zaretelako», gehitu zuen.

“Internazionala” palestinar arabieraz kantatuta entzun ondoren, manifestariak Bilboko kaleetan barrena barreiatu ziren. Eguna ez baitzen bertan bukatu; egun luzea izan zen atzokoa. Eta hitzordu honetara ez zen mundu guztia batu, baina mundu bat egon zen manifestazioan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)