Egun osoko lanuzteak jarraipen zabala izan du Hezkuntzan
Gara, , 16-10-2025“Langileok Palestinarekin” lelopean lanuzteak egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Berezitasun handiena Hezkuntzan izan zen, egun osoko lanuztea proposatu baitzuten sindikatu deitzaileek. Eragin handia izan zuen ikastetxeetan, eta balorazio positiboa egin zuten sindikatuek, «jarraipen zabala» izan zela adieraziz.
Zehazki, hezkuntza publikoan %60ko jarraipena izan zuen, haur eskoletan %85ekoa eta ikastoletan %80koa. Euskal Herriko Unibertsitatean ere egun osoko lanuztea deituta zegoen, eta fakultateak itxita egon ziren.
Goizean goizetik ez zen mugimendurik ikastetxe inguruetan. Kide batzuk eskuorriak banatzen ari ziren sarreretan, «Palestinarekin elkartasuna» eta antzeko aldarriez. Ikamak, piketeak, bide mozketak eta bestelako ekimenak egin ziren. «Gure egitekoa da konplize diren nazio mailako zein nazioarteko erakunde, enpresa eta instituzioak seinalatzea eta presionatzea», azaldu zuten.
MOBILIZAZIOAK HELBURU
LABeko Hezkuntza arduraduna den Aritz Villarrek GARAri adierazi zion egun osoko lanuzteak egiteko erabakia hezkuntzak dituen «berezitasunak» tarteko izan zela; «nahiz eta askotan hezkuntzari erreferentzia egitean irakasleak datozkigun burura, badira kolektibo asko, jangeletako begiraleak, garraiokoak, sukalde eta garbiketakoak, Haur Hezkuntzako hezitzaileak edota Heziketa Berezikoak, eta horri guztiari erantzun nahi izan diogu». Izan ere, ordu batzuetako lanuzteak egiteko aukerarik ez zuten izango langile horiek.
Haizea Arbide Steilaseko eledunak bat egin zuen, bi sindikatuek elkarrekin deitu baitzuten egun osoko lan uztera. Eta hark nabarmendu zuen «eguerdiko mobilizazioak indartzea» izan dela egun osoko lanuztearen helburua.
Ikasleek zutabe propioak egin zituzten hiriburuetako mobilizazioekin bat egiteko, eta “Ikasleak Palestinarekin” oihuek berebiziko protagonismoa hartu zuten. Lanuzteak ikastetxe guztietan eragina izan zuela kontatu zuen Arbidek, jarraipena «oso zabala» izan zela, eta hezkuntzak joka dezaken paperaz mintzatu zen: «Munduan gertatzen denarekin eta batez ere genozidio honen aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu. Horrek konplize bihurtzen gaitu. Eta uste dugu garrantzitsua dela ikastetxeetan giza eskubideen alde borrokatzea eta horiek lantzea».
Sindikatuek azaldutakoaren arabera, hezkuntzan ikasturtea hasi zenetik landu zuten gaia, eskuorri banaketak eginez, irakurketak, muralak, familiekin zein ikasleekin asanbladak… Villarrek adierazi zuen “Gure haurrak ere badira” dinamikak indar handia izan duela, eta azken bi urteetan ekimen horrekin batera aktibatu dela hezkuntza komunitatea.
«PRESIOA» EGIN BEHARRA
Protestek izandako jarraipenarekin «pozik eta hunkituta» zeuden Arbide eta Villar. Etorkizunean ere lanean jarraitu beharra azpimarratu zuten, hezkuntzatik hasi eta beste sektoreetan buka. LABek «erabateko errespetuz» hartu du su etenaren erabakia, baita «palestinar herria ordezkatzen duten eragileek unean une hartzen dituzten erabakiak». Aldi berean, bi ideia nabarmendu zituen elkartasun internazionalista oinarri hartuta: «Su etenak sufrimendua arintzen du, baina lanuzte hauen helburua presioa egiten jarraitzea da, Israelek ez dituelako zenbait akordio bete, eta presioa egiten jarraitu behar da bete ditzan. Bigarrenik, Palestinak hamarkada luzez pairatu ditu kolonizazioa eta genozidioa; hori behin betiko amaitzeko eskatzen dugu, autodeterminazio eskubidea egikaritu dadila».
Steilas sindikatuak bat egiten zuen presioa egiten segitu beharrarekin: «Mobilizazio hauekin presioa egiten jarraitzen dugu, genozidio hau bukatu ez delako eta irudikatzen ari diren bake hori oraindik ez dagoelako; eta egin beharreko urratsak dira».
(Puede haber caducado)