Hamasek bahitutakoak aske geratzen hasi dira
Trukean, Israelek 1.966 preso palestinar aske uzteko konpromisoa hartu du. Arratsaldean Gazarako Trumpen plana sinatzeko ekitaldia egingo dute Egipton.
Berria, , 13-10-2025Hamasek 72 orduko epea bete du, eta hasi da bahituak askatzen. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak aske utzitako lehen zazpi bahituak entregatu dizkio Israelgo armadari. 07:00etan (Euskal Herriko ordua) geratu dira aske, Gaza iparraldean. 22 eta 48 urte bitartean dituzte, eta bi urte zeramatzaten talde islamistaren eskuetan.
Gaur goizean Hamasek beste 13 gatibu entregatzea espero da; izan ere, hogei dira bizirik daudenak. Khan Yunis inguruan egingo da, Gaza hegoaldean. Miliziaren eskuetan hildako 28 bahituren gorpuak ere entregatuko ditu, nahiz eta horren inguruko xehetasunak ez dauden argi.
Trukean, Israelek 1.966 preso palestinar aske uzteko konpromisoa hartu du. Bizirik dauden bahituak aske uztean entregatuko ditu. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zieten 250 preso, eta 2023ko urriaren 7az geroztik atxilotutako 1.700.
Aurreikusitako planaren arabera, Hamasek Gurutze Gorriari entregatuko dizkio bahituak, Gazan, eta erakunde horrek Israelgo Armadari helarazten dizkio gero. Honek, berriz, Gazako mugaren ondoan dagoen Reim base militarrera eramaten ditu, Israelgo lurraldean. Han osasun arreta jasoko dute, eta beren familiekin bildu. Haien osasun egoeraren arabera, handik helikopteroz eramango dituzte Tel Aviveko ospitaletara.
Trump Jerusalemen
Halaber, gaur goizean, Israelera iritsi da Donald Trump AEBetako presidentea. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta bahituen familiekin bilduko da Tel Aviven. Ondoren, Egiptora joango da. Eguerdian egingo dute han Etxe Zuriko maizterrak berak zerrendako hauspotutako plana sinatzeko ekitaldia.
Ekitaldira hogei bat herrialdetako liderrak joango dira. Tartean bitartekari aritu diren estuetako liderrak —Qatar, Egipto eta Turkia— eta baita Europako potentzietako eta herrialde arabiar eta islamiar zenbaitzuetakoak ere. Bitartekari aritu direnek eta AEBek eta Egiptok izenpetuko dute egitasmoa.
Planaren arabera, behin akordioa onartuta, Gazara laguntza bidaliko dute. Aurreikusten da aurrerantzean, egunero, giza laguntza daramaten 600 kamioi sartzea zerrendan. Dena den, larunbatean, jada, Gazan laguntza humanitarioa sartzen hasi zen.
Ostiralean Israelgo tropak lurraldetik erretiratzen hasi ziren eta desplazatutako herritarrak euren herrietara itzultzen.
(Puede haber caducado)