Migrazio-fluxuari hesi berria ezarri nahian, kontrol biometrikoa plantan emanen dute mugetan
Europar Batasunetik (EB) kanpoko herritarrentzat koska berria ezarriko dute Schengen eremuko estatuek. Urriaren 12an hasita, aztarna biometrikoen bilketa handiari ekin diote estatu kideek. Hiru urtez ahalko dituzte gorde bidaiarien datuak. Helburua, migrazio-fluxuak mendean hartzea da.
Gara, , 13-10-2025Schengen eremuaren barnean diren 29 estatuek Entry/Exit System (EES) izeneko kontrol eredu berria ezarriko dute haien muga pasabideetan. 2026ko apirilaren 10era arteko tartea dute segurtasun eremu horren kideek Europar Batasunetik (EB) kanpo egonaldi labur batendako helduko diren bidaiarien datu biometrikoak metatuko dituen sistema plantan ezartzeko.
Izan ere, mugetako kontrol eredua eraldatzera etorriko den sistema orokortzeko gibelkako kontua martxan da. Schengen tratatua bere egin zuten hainbat estatuk jadaneko sistema berria estreinatu zuten atzo, urriaren 12an. Islandia, Luxenburgo, Suitza, Norvegia eta Estonian martxan da kontrol sistema berria.
Aipaturiko estatuek haien muga guzietan eman zuten atzo ESS sistema. Aldiz, populazio handiagoa duten estatuek modu mailakatuan ezarriko aipaturiko kontrola. Hala ere, urriaren 12a markatzeko pasabide guti batzuetan estreinatu zuten sistema Alemanian edota espainiar eta frantziar estatuetan.
«EES-ek pasaporteak eskuz zigilatzeko sistema ordezkatuko du, prozedura horrek denbora anitz hartzeaz gain egonaldien luzatzea detektatzeko ez duelako balio», azaldu zuen Marko Voog Estoniako Poliziak mugak kudeatzeko duen bulegoko buruak.
Hain zuzen, Estonia izan zen frantziar Estatua, Alemania eta Italiarekin batera sistema berriaren hauspotzaile nagusia. Europan egonaldi labur bat egiteko heltzen diren bidaiarien gaineko informazioa hobetu nahi dute mugaren digitalizazio prozesu honen bidez.
Hatz marken eta aurpegiaren ezagutze sistemak ohiko pasaportearen zigilatzea ordezkatuko du «sartze-irteerak era azkarrago batean, baita segurtasun handiagoarekin gertatu daitezen», EBko barne segurtasuneko iturrien arabera.
EBtik kanpoko bisitari oro desmartxa berria betetzera behartua izanen da. Esaterako, aireportuko kontrol gunean pasaportea erakutsi eta funtzionarioak bidaiari horren hatz-markak eta aurpegiaren argazkia eskaneatuko ditu. Sartzearen data eta estatua ere erregistratuko ditu.
Irlanda eta Txipreren kasua berezia da. EBko kideak badira ere, esatu horiek ez zuten Schengen tratatua izenpetu. Ondorioz, ez dute kontrol biometrikoa pasatu behar ESS indarrean emanen duten 29 estatuetan sartzeko: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Danemarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Letonia, Islandia, Italia, Kroazia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburge, Malta, Herbehereak, Norbegia, Polonia, Portugal, Rumania, Suedia, Suitza eta Txekia.
ESS sistemaren helburu nagusiak hauek lirateke: pasaporte faltsuak hautematea, bidaiarien joan-jinen eta horien egonaldien iraupena kontrolatzea eta, oroz gainetik, migrazioaren fluxuak mendean hartuz «segurtasuna hobetzea» Schengen-eko eremuan.
Milioi bat bidaiari egunero
Milioi bat bidaiari iristen dira Schengen kanpoko mugetatik egun guziz. Gehienez 90 egun ahal dira aipaturiko eremuan igaro, baina 180 egun arteko luzapena aurreikusten da.
Neurri batean, duela 15 bat urte Ameriketako Estatu Batuetan martxan eman zuten US-Visit sistemaren egokitzapen bat da ondoko hiabetetan Europako 29 estatu horiek ezarriko dutena.
Bruselako agintarien erranetan, mugikortasun handiko garaiari loturiko erronkari erantzuteko pasaporteak zigilatzeko sistema zaharkiturik gelditu da. Izan ere, datu horien bilketa eta metaketa sistemak zalantza bat baino gehiago sortzen ditu, hiru urtez ahalko dituztelako estatuek datu horiek atxiki.
Eu-Lisa europear agentziaren esku geldituko da sistemaren garapen eta kudeaketaren ardura. Oraindik sistema ez bada guziz orokortu ere, Europako aireportu nagusiek ESS sistemari buruzko oharrak plazaratu dituzte. Komunikazio kanpainia horretan mezu lausoak pasarazi zituzte sistemari buruz.
Hala, Airjournal-ek oharrarazi duenez, hastapenean ilara-luzeak sortu daitezke kontrol-guneetan, eta «nardagarria izan daiteke bidaiarientzat» desmartxa berria betetzea. Izan ere, «behin datu biometrikoak eskainirik, hurrengo bidaietan aiseago mugitu ahalko da bidaiaria Schengen eremuaren barnean», nabarmendu du hegazkin bidezko pertsonen garraioan berezituriko atariak
(Puede haber caducado)