Israelek eta Hamasek Trumpen planaren lehen fasea sinatu dute

Palestinako talde islamistak 48 bahitu askatuko ditu astelehenerako; Tel Avivek, berriz, 2.000 preso, eta armada adostutako lerro batera erretiratuko du.

Berria, Julen Otaegi Leonet - Jon Ordoñez Garmendia, 09-10-2025

Israelen eta Hamazen ordezkaritzak hiru egunez egon dira Donald Trumpen Gazarako proposamena negoziatzen, Egipton, eta AEBetako presidenteak berak goizaldean jakinarazi du aldeak ados jarri direla, eta «bake planaren» lehen fasea sinatu dutela. Halaber, erabakia berretsi dute Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Palestinako talde islamistak, baita bitartekari lanetan aritu diren herrialdeek ere.

Netanyahuren bulegoak kaleratutako ohar batean, lehen ministroak esan du «Israelentzat egun handia» dela gaurkoa; «bihotz-bihotzez» eskertu dio Trumpi egindako ahalegina. Hamasek, berriz, ohar batean ziurtatu du erasoaldia amaituko dela, eta Israelek ez duela gehiago «okupatuko» Gazako zerrenda: «Gure herriaren sakrifizioa ez da alferrik izango, fidelki beteko dugu paktua, eta ez diegu amore emango gure herriaren eskubide nazionalei, harik eta askatasuna, independentzia eta autodeterminazioa lortu arte».

Trumpen hogei puntuko planaren lehen fasearen arabera, Hamasek hiru eguneko epean askatu beharko ditu 48 bahituak; uste da horietatik hogeik jarraitzen dutela bizirik. Horren guztiaren ondoren askatuko lituzke Tel Avivek 2.000 preso palestinar —hil arteko espetxe zigorra duten 250 preso eta azken bi urteotan atxilotutako 1.700; atzo, hain justu, talde islamistak aske utzi beharrekoen zerrenda eman zion atzo beste aldeari—. Eta bien bitartean, Israelgo armadak erasoaldia etengo luke, eta adostutako lerro batera, lerro horira, erretiratuko lituzke tropak, Trumpen hitzetan, «bake sendo, iraunkor eta betierekoa» lortzeko.

Israelek akordioa berrestuagatik ere, AFP berri agentziak kaleratu du, Gazako Defentsa Zibileko iturriak aipatuz, «hainbat leherketa» entzun direla batik bat zerrendaren iparraldean. Armadak ohar bat kaleratu du sare sozialetan, eta akordioa betetzeko «prestaketa» lanetan ari dela jakinarazi du; era berean, Eyal Zamir armadako buruaren hitzetan, «edozer agertokirako prestatzeko» agindu die soldaduei, baita bahituen itzuleraz arduratzeko ere. Armadako bozeramaile batek, ordea, ohartarazi du Gaza iparraldera itzultzea «biziki arriskutsua» dela, tropek bertan jarraitzen baitute: «Borroka gunetzat jotzen da oraindik ere».

Gaza berreraikia, «beste mundu bat»
Herenegun bi urte bete ziren Israelek Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. Bonbardaketek birrinduta utzi dute, eta Trumpek iragarri du zerrenda «beste mundu bat» izango dela behin presoen eta bahituen trukea egin eta gero: «Leku seguruago bat izango da, eta eskualdeko herrialdeek hura berreraikitzen lagunduko dute, aberatsak direlako eta horrela izatea nahi dutelako». Fox News AEBetako telebista katean egin ditu adierazpen horiek, eta zera erantsi du: «Ziur nago bakea egongo dela Ekialde Hurbilean».

Efe berri agentziak Israelgo iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Euskal Herrian 17:00ak direnean bilduko da Netanyahuren gobernua, preso palestinarrak askatzea agintzeko eta lehenbailehen gatibuak itzul daitezen. «Guztiak etxera ekarriko ditugu, jaungoikoaren laguntzarekin», esan du lehen ministroak, bere bulegoak kaleratu duen oharrean. Bahituen senideek pozarren hartu dute aldeek planaren lehen fasea onartu izana, eta «[Bakearen] Nobel saria Trumpentzat» ohiukatu dute goizean egin duten elkarretaratzean. Izan ere, Norvegiako Nobel Batzordea bihar da iragartzekoa nork jasoko duen aurtengo saria.

Astelehenean bildu ziren aldeak Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian, Sinai penintsularen hegoaldean. Lehen bi egunetan Qatar, Egipto eta Turkia aritu ziren bitartekari lanetan, eta atzo heldu zen AEBetako ordezkaritza; zenbait ordu geroago egin du Trumpek akordioaren iragarpena. Hamasek esan du negoziazio «arduratsu eta serioak» izan dituztela, eta bitartekarien ahalegina eskertu du. Israel behartzera dei egin die, «okupazio gobernuak adostutako neurriak erabat bete ditzan».

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia pozik agertu da, eta akordioa betetzeko eskatu die bi aldeei. Haren hitzetan, bi estaturen konponbidearen bidean aukera erabakigarria izan daiteke gaur adostutakoa, eta okupazioak amaitu egin behar duela erantsi du. NBE prest agertu da Gazara laguntza bidaltzeko eta lurraldea berreraikitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)