Israelek atxilotutako Global Sumud Flotillako lau euskal herritarrak itzuli dira

Gara, Ibai AZPARREN, 07-10-2025

Israelek atxilotutako Global Sumud Flotillako lau euskal herritarrak 23.30ak aldera iritsi ziren atzo Loiuko aireportura. Lehenik Atenasera eraman zituzten, Israeldik deportatu ondoren, eta handik Bilbora, hegaldi erregular batean. Edizio honen itxiera orduan ez zen baieztatu tratu iraingarririk jasan ote zuten Negeveko basamortuan dagoen Saharonim kartzelan.

Jose Manuel Albares Atzerriko ministro espainiarrak goizean adierazi zuenez, nazionalitate espainola duten herritarrak atzoko gauean itzuli ziren Estatura. Igandean beste 21 Madrilera eta Bartzelonara iritsi ziren, eta Israelgo presondegian tratu iraingarria jaso zutela salatu zuten.

FLOTILLA BERRIA
Duela astebete baino gehiago, beste Askatasunaren Flotilla bat Gazara nabigatzen ari da, eta atzo Palestinako kostaldetik 190 itsas miliatara zegoen, 350 kilometro ingurura.

Estatu sionistak bihar arte geroratu du espainiar baten atxiloaldia, mediku azterketa batean kartzelako funtzionario bati kosk egitea egotzita. Ustezko erasoaren ondorioz, aktibista polizia-etxe batera eraman zuten, galdeketa egiteko.

Aldi berean, Israelgo Gobernuak jakinarazi zuen atzo beste 171 aktibista deportatu zituztela Greziara eta Eslovakiara, tartean Greta Thunberg suediarra. Loubna Tuma Adalahko abokatuak Flotillaren talde juridikoak atzo adierazi zuen 473 atxilotuetatik 150ek Israelgo Espetxe Sisteman jarraitzen dutela. Batzuek oraindik ez dute abokaturekin hitz egiteko aukerarik izan.

TRATU TXARRAK
Adalahko abokatuek salatu zutenez, atxilotuek erasoak eta indarkeria jasan zituzten portutik kartzelara eraman zituztenean eta atxiloketaren lehen egunetan.

Ada Colau Bartzelonako alkate ohiak salaketa horiek partekatu zituen atzo. TV3k egindako adierazpenetan, Israelgo agintarien «basakeria» eta «tratu txarrak» berretsi zituen, eta gertatutakoa kolektiboki salatzeko «mekanismo guztiak» erabiliko dituztela azaldu zuen.

Juan Bordera Compromiseko diputatuak Israelgo espetxean jasan zuten «indarkeria fisiko eta psikologikoa» salatu zuen, «amesgaizto bat» izan zela nabarmenduz. «Denetarik bizi izan dugu: jazarpena, indarkeria fisikoa, errifleak apuntatzen, txakurrak gu geunden gela ankerretan zeuden pertsonen aurka jaurtitzeko zorian, iraungitako elikagaiak…», adierazi zuen.

«Kolpatu egin gaituzte, lurrean arrastaka eraman gaituzte, begiak estali dizkigute, hankak eta eskuak lotu dizkigute», ohartarazi zuen Rafael Borrego ekintzaileak, igandean Madrilgo aireportuan lur hartu zuenean.

Gisa bertsuan, Flotillako zortzi suitzar Genevan lur hartu ondoren, adierazpen bateratu bat aurkeztu zuten igandean, Israelen atxilotu zituztenean torturak eta abusuak jasan zituztela berehala salatzeko.

«Urik gabeko ziegetan giltzapetu gintuzten, komunetik edan behar genuela esanez. Edozein ordutan esnatzen gintuzten eta zentzurik gabe eramaten gintuzten ziega batetik bestera, oihu eta mehatxu artean», kontatu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)