Flotillak Gazarantz jarraitzen du, nahiz eta Israelek 20 bat ontzi atzeman
Palestinako kostaldetik 80 bat kilometrora zeuden Euskal Herrian gauerdia zenean
Berria, , 02-10-2025Gazara besoetako umeentzat esnea daraman Flotillaren aurkako erasoaldia hasi zuen atzo iluntzean Israelgo armadak. Hogei bat ontzi atzeman zituzten arren, flotillaren multzo nagusia setiopean dagoen zerrendarantz nabigatzen jarraitzen duela esan dute goizaldean ontzidiko eledunek. Azaldu dutenez, Palestinako kostaldetik 46 itsas milietara zeuden Euskal Herrian gauerdia zenean.
Israelgo militarrek 200 bat elkartasun ekintzaile atxilotu dituzte. 530 ekintzaile zeuden flotillan, tartean lau euskal herritar.
Ur kainoiekin egin diete eraso flotillako ontziei militarrek, eta horietakoren bat kolpatu dute gerra ontziekin. Fusilekin armaturik sartu dira hainbat ontzitan.
Alma itsasontzia inguratu du Israelek erasoaldiaren hasieran, eta Euskal Herrian 21:00ak inguru zirenean atzeman dute.
Ondoren Sirius, Adara eta Spectre ontziei egin diete eraso, eta ekintzaileak atxilotu dituzte.
Ontzidiko ekintzailen artean artean gizarte mugimenduetako kide ugari daude, kazetariak, eta hainbat politikari: Greta Thunberg, Nkosi Zeelivelile —Nelson Mandelaren biloba—, Mariana Mortagua Bloco de Esquerdako politikaria. Chris Andrews Sinn Feineko politikaria, eta Emma Fourreau europarlamentari frantziarra. Thunberg bera ere atxilotuta eraman dute israeldarrek.
Iragarri bezala, mundu osoko hainbat tokitan hasi dira elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten flotillaren aurkako erasoaldiaren aurka protesta egiteko. Hego Euskal Herrian, gaur egingo dituzte mobilizazioak, 19:00etan, eta urriaren 15erako lanuzteak ere deitu dituzte sindikatuek. Italian greba orokorra antolatu dute biharko.
(Puede haber caducado)