17 auzapezen sostengua jaso dute etorkinak Lapurdira sartzen lagundu zituzten herritarrek
Iazko Korrika Irun eta Hendaia arteko Santiago zubitik iragan zen unean 36 etorkin Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga iragaten laguntzeagatik zazpi lagun epaituko dituzte urriaren 7an. Muga inguruetako udalerrietako 17 auzapezek babesa adierazi diete auzipetuei.
Gara, , 01-10-20252024ko martxoaren 14an, Korrika hasi zen egunean berean, zenbait lagunek 36 pertsona migratzaile Gipuzkoa eta Lapurdi bereizten dituen Santiago zubia iragaten lagundu zituzten, euskararen aldeko lasterketak elkarturiko jende andana baliatuz. Hala, ’J’accuse’ plataformak Irun eta Hendaia lotu zituen manifestazio jendetsua egin eta bi egunera, joan zen urtarrilaren 28an, epaiketa urriaren 7ra gibelatua izan zitzaiela jakinarazi zieten etorkinen aldeko militanteei.
Auzirako egun gutiren faltan Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga inguruetako udalerrietako 17 auzapezek (*) zazpi auzipetuen «errugabetzea» eta «migrazio politika humanista eta errealista» eskatu dituzte. Izan ere, hautetsi horiek argi dute Korrikan eginiko ekintza horren bidez «herritar hauek tragedia humanitarioa sortzen duten migrazio politikak salatu nahi izan zituztela, eta baita ondorio larriak pairatzen dituzten pertsonei elkartasuna adierazi ere».
Gauzak horrela, bestelako migrazio politika eredu bat eskatu dute agiriaren izenpetzaileek, «pertsona guzien eskubideak bermatzea lehentasuna izanen duen» politika bat, hain zuzen ere. Norabide horretan jadanik zenbait urrats egin direla oroitarazi dute, eta Euskal Hirigune Elkargoarekin lankidetzan Baionako Pausa larrialdizko harrera zentroaren gisako proiektuak balioan ezarri nahi izan dituzte.
Bestetik, lurralde administratiboetako erakundeen arteko elkarlana beharrezkotzat jo dute «pertsona guziek bizi duina izan dezaten»: «Instituzioen artean mugaz gaindiko lankidetza garrantzitsuak ezagutu ditugu, herriko etxeen artean edota Eusko Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoaren artean, erraterako. Uste dugu lankidetza horiek indartu behar ditugula».
Auzipetuek «giza eskubideen aldeko ekimen bat egin zutela ulerturik», horiekiko elkartasuna adierazi dute auzapezek. Gainera, «mundu guzia deshumanizatzen duten migrazio politiken aitzinean, elgarrekin gure lurraldean politika humanista baten alde lanean segitzeko engaiamendua berretsi» dute.
’J’accuse’ Bruselan
Euskal Herriko auzapezak ez dira babesa erakutsi dieten hautetsi bakarrak izan. Hain zuzen, ’J’accuse’ plataformako bi kide Europako Parlamentuan izan ziren irailaren 23an, Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak gomitaturik. Bi bilkura egiteko baliatu zuten bidaia; lehena, Sumar, Bloque Nacionalista Galego (BNG) eta Les Ecologistes – EELV alderdietako eurodiputatuekin egin zuten; bigarrena, aldiz, Platform for International Cooperation on Undocumented Migrants (PICUM, Dokumentazio Gabeko Etorkinen Nazioarteko Lankidetzarako Plataforma) eta European Council on Refugees and Exiles-ekin (ECRE, Errefuxiatu eta Deserriratuen Europako Kontseilua) egin zuten.
Europako ordezkariei Bidasoa ibaia eta haren inguruan migrazio politikek eragindako ondorioak azaldu zizkieten euskal herritarrek: «2019tik gutxienez bederatzi lagun hil dira Bidasoa ibaiaren inguruan poliziaren kontroletatik ihes egin nahian, beste batzuk zauritu egin dira».
Bi hitzorduetan «babesa eta sostengua jaso» zutela nabarmendu dute plataformako kideek. «Trukaketa aberasgarriak» izan zirela azpimarratu dute, eta «interes politikoei soilik erantzuten dieten Europako itunen gizatasun eza gogoratzeko» baliatu zuten.
- Agiriaren izenpetzaileak: Ximun Accoceberri, Larraineko auzapeza; Xole Aire, Urepeleko auzapeza; Fernando Anbustegi, Baztango auzapeza; Battitte Laborde, Sarako auzapeza; Eneko Aldana, Ziburuko auzapeza; Filipe Aramendi, Urruñako auzapeza; Antton Curutcharry, Baigorriko auzapeza; Aitor Elexpuru, Berako auzapeza; Igor Enparan, Hondarribiko auzapeza; Xabier Etxarte, Etxalarko auzapeza; Carlos Gayarre, Otsagabiako auzapeza; Ander Goikoa, Orbaizetako auzapeza; Unai Irigarai, Aurizko auzapeza; Kike Juanto, Izalzuko auzapeza; Joana Mendiburu, Oiartzungo auzapeza; Leire Remiro, Erroibarko auzapeza, eta Argitxu Agerre, Zugarramurdiko auzapeza.
(Puede haber caducado)