Gizatasuna galdu genuenekoa
Berria, , 17-09-2025Aurora 30 urte inguruko emakume portugesa da. Eskozian bizi da, eta biltegi handi batean egiten du lan, etxeetara bidali behar diren eskaerak katalogatzen. Ordaindu ezin duen gela batean bizi da, beste migratzaile batzuekin partekatzen duen etxean, eta gastu txikienak ere kolokan jartzen du haren aurrekontua. Aurora bakarrik dago. Eskozian ez du familiarik, ezta lagunik ere, eta egun osoa bakarrik igarotzen du. Gogor egiten du lan, bere abiadura eta ematen dituen pausoak kontrolatzen baitituzte, eta lanegun on bat duenean, nagusiak txokolatina bat ematen dio.
Aurora errutinan harrapatuta bizi da. Laneko errutina fisiko eta mekanikoak deshumanizatu egin du, eta jada ez daki ingurukoekin harremanik izaten. Bazkariko atsedenean izaten dituen elkarrizketa hutsalez gain, Aurorak ez du beste interakziorik egunean zehar, eta izaten dituen horietan ez daki zer esan. Lana besterik ez du egiten.
Laura Carreira zinegile portugaldarraren lehen film luzea da
On falling. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen. Gainera, Londresko BFI jaialdian
opera prima
onenaren saria jaso zuen.
Zinegile portugaldarra bere esperientzian oinarritu zen filmaren abiapuntua eraikitzeko. Eskoziara iristean izan zuen lehen lanak guztiz markatu zuen, mundu ikuskera aldatu zion, eta egun, oraindik ere, filmak garai hori prozesatzeko egiten dituela aitortu du Carreirak. Horrela, distribuzio logistikaren sektorearen prekarizazioan zentratuz, eta hura hobeto ulertu nahian, langile ugari elkarrizketatu zituen, eta denek esaten zuten gauza bera: langileek ez zuten harremanik elkarren artean; ez zuten ezagutzen aldamenean lanean ari zen pertsona.
Carreirak lan prekaritatearen eta esplotazioaren erretratu gordin eta lehorra egin du
On falling
- en. Une melodramatikoak alde batera utzita, eta musikaren erabilera urria eginez, zinegilea errutinan zentratzen da protagonistaren bizitza gris eta iluna erakusteko. Aurora ez da gai bere denbora librean zer egiten duen esateko, ez baitu ezer egiten. Aisia dirua duen jendearentzat baita.
On falling -
ek tristezia eta neke mundu bat erakusten du, depresioak estalitako mundu bat. Lanaren sintoma da deshumanizazioa, baina baita lanean bizirauteko era bakarra ere: gizatasuna alde batera utzi eta eguna robot eran igarotzea, ikusezina bilakatzea. Carreirak distantzia batetik begiratzen dio filmari, itxuraz aldarrikapen handirik egin nahi gabe, baina lortzen duena denona den erretratu pertsonal bat da.
‘Mi amiga Eva’ filmeko fotograma bat. BERRIA
Beste estreinaldi batzuk
Eva 50 urteko emakumea da, hogei urte baino gehiago daramatza ezkonduta, eta bi seme – alaba nerabe ditu. Erromara egindako negozio bidaia batean, Eva konturatuko da berriro maitemindu nahi duela berandu izan baino lehen. Bartzelonara itzultzean, Evak bizitza berri bat hasiko du, berriz ezkongabe eta maitemintzeko prest dela.
Zer gertatuko litzateke ate bat ireki eta zure iraganeko une erabakigarri bat berpizteko zeharkatu ahal izango bazenu? Sarah eta David lagun baten ezkontzan elkar ezagutzen duten bi ezkongabe dira. Bidaia handi ausart eta zoragarri batean murgilduko dira biak, eta haien iraganeko une garrantzitsuak elkarrekin biziko dituzte; dauden lekura nola iritsi diren deskubrituko dute horrela.
Fermin margolari abstraktu ezaguna da, krisi pertsonal eta ekonomiko betean dago, eta, gainera, eskuan dardara bat du, eta horrek margotzea zailtzen dio. Hori dela eta, hasieran, Pepa galerista eta emazte ohiak Jeronimo Bosch – en
El jardín de las delicias
triptikoa bertsionatzeko egindako proposamena baztertuko du. Baina bankuko kontua enbargatuko diotela jakinaraziko diote, haren seme margolari Pablo itzuliko da, eta bi gertaera horiek iritzia aldaraziko diote. Aita – semeek alde artistiko eta pertsonalak ahaztu beharko dituzte Boschen maisulanaren bertsio modernoa elkarrekin egiteko.
(Puede haber caducado)