Israelgo armadak hasi du Gaza hiriaren kontrako lurreko erasoaldia
Israelgo armadaren iturriek albistea baieztatu diote CNN kateari. Azaldu dutenez, erasoa «epeka» egingo dute.
Berria, , 16-09-2025Israelgo armadaren bi ofizialek baieztatu diote CNN telebista kateari Israelek ekin diola Gaza hiria lurrez hartzeari. Oraindik ez dago xehetasun handirik albistearen inguruan, baina iturri horiek adierazi diote kateari erasoa «epeka» egingo dutela. Antza denez, Gaza hiriko aldirietako auzoetan hasi dira tankeak sartzen. Kan Israelgo irrati publikoak jakinarazi duenez, tankeak Al Jalaa kaletik ere sartu dira, hiriko erdigunean.
Gauez, gogor bondardatu dute hiria, eta gutxienez 38 lagun hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera: «Oso eraso bortitza izan da».
Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeko ikerlariek argitara eman dute Gazako egoerari buruzko txostena, eta «genozidiotzat» jo dute Israelek egindakoa. Zehazki, salatu dute Israelek «lau edo bost genozidio ekintza» egin dituela, NBEk 1948an onartutako Genozidio Krimena Prebenitzeko eta Zigortzeko Hitzarmenaren arabera.
(Puede haber caducado)