Italiar etorkinez mintzatu da Crialese Nuovomondo-n
Veneziako Mostra zinema jaialdia gaur bukatuko da, Urrezko Lehoia zein filmek irabazi duen esan ondoren
Berria, 09-09-2006AGENTZIAK
Venezia
XX. mendearen hasieran Italiatik AEBetara joandako etorkinei buruzko filma aurkeztu du Emanuele Crialesek Veneziako (Italia) Mostra zinema jaialdian: Nuovomondo. Lineako itsasontzietan zeharkatzen zuten ozeanoa italiar etorkinek. Gainerakoan, beste herri batzuetako etorkinen antzeko istorioak bizi zituzten. Crialeseren filmak Salvatore Mancuso (Vicenzo Amato aktorea) du pertsonai nagusi. Haren familiaren istorioa kontatzen du. Pobreziak bultzatuta hartuko dute Mancusok, haren amak eta seme biek Siziliatik AEBetara eramango dituen itsasontzia.
AEBetara joandako italiar etorkinak Ellys Islandera iristen ziren, eta hortik New Yorkera egiten zuten. Baina ez guztiek. Ezindu fisiko eta psikologikoek ez zuten AEBetan sartzeko aukerarik. Beren herrietara deportatzen zituzten, Crialeseren Nuovomondo filmeko Mancusoren ama bezalaxe. Horretaz gain, elkarrekin ezkontzera behartzen zituzten. Lucyren (Charlotte Gainsborg aktorea) kasua da hori. Nahiz eta ez ezagutu, Mancusorekin ezkondu beharko du, AEBetan sartu nahi badu.
Mostran lehiatu den emigrazioari buruzko bigarren filma da Crialeseren Nuovomondo. Lineako itsasontziak beharrean, egungo etorkinek txalupak erabiltzen dituztela erakusten duen film dokumentala aurkeztu zuen Vittorio De Settak orain egun batzuk: Lettere Dal Sahara.
Halaber, Mostrako sail ofizialean aurkeztu den azken filma da Crialeseren lana. Veneziako zinema jJaialdiko epaimahaiak gaur jakinaraziko du Urrezko Lehoia zein filmek irabazi duen.
‘LA RIEDUCAZIONE’. Bukatu aurretik, baina, egile zinema eta zinema laburraren barruan sailka daitezkeen filmak eman ditu Mostrak. Davide Alfonsik, Alessandro Fustok eta Denis Malaginok 500 euroko aurrekontuarekin eginiko La rieducazione film luzea erakutsi zuten atzo. Eraikuntzan lanean hasten den 28 urteko katekistari buruzko film zuri – beltza da. Aurrekontuaren gehiena gasolinan gastatu dutela esan dute zuzendariek. Gainera, aktoreei ordaintzeko dirurik ez zutenez, zuzendari ez ezik, aktore aritu dira Alfonsi, Fusto eta Malagino, La rieducazione beren lehen filmean.
(Puede haber caducado)