Bartzelonatik abiatu da Gazara laguntza humanitarioa eramango duen flotilla handiena
30 itsasontzi inguruk ekin diote bideari, eta irailaren 4an batuko zaizkie Tunisiatik eta Mediterraneoko beste portu batzuetatik irtengo diren beste hogei. Greta Thunberg eta Ada Colau igo dira ontzietara, besteak beste.
Berria, , 31-08-2025Itsasoan dira Global Sumud Flotilla osatuko duten lehen 30 itsasontziak. Bartzelonako eta Genovako (Italia) portuetatik atera dira 15:00etan, Gazarainoko bidea egiteko intentzioarekin, eta printzipioz 15-20 egun iraungo du zeharbideak. Helburua da, aurrez Askatasunaren Flotillak egin bezala, itsasoz blokeoa hautsi, eta laguntza humanitarioa eramatea zerrendara, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzearekin batera.
Gaur abiatu direnak ez dira ekinbidean parte hartuko duten ontzi bakarrak, irailaren 4an Tunisiatik eta Mediterraneoko beste portu batzuetatik irtengo diren hogei itsasontzi inguru gehituko baitzaizkie. Denera 44 herrialdetako ordezkariak izango dira flotillan, tartean Euskal Herriko lau, baita pertsona famatuak ere, besteak beste, Greta Thunberg ekintzailea eta Ada Colau Bartzelonako alkate ohia.
Ehunka lagunen babesarekin ekin diote bideari Bartzelonan. Euskal Herritik bi autobus gutxienez atera dira hara, Bilbotik bat eta Donostiatik bestea, ontzidian joango direnei elkartasuna adieraztera. Thiago Avila antolatzaileak azaldu duenez, «mobilizazio prozesu historikoa» da, 2008. urtean gisa horretako ekintza zibil bat lehen aldiz antolatu zenetik egin den flotillarik handiena izango baita.
Hirurehun tona laguntza humanitario hartuta irten dira hainbat ontzi Genovako portutik. Atzo gauean 40.000 lagun inguru atera ziren kalera laguntzarekin batera porturainoko bidea egitera, tartean Silvia Salis hiriko alkatea.
Bartzelonan, itsasoratu aurretik, prentsaurrekoa eman dute ekinbidearen antolatzaileek. Besteak beste, Thunbergek hartu du hitza; esan du ezin duela ulertu jendeak nola jarraitzen dion bere ohiko bizitzari Gazako genozidioa ikusten duen bitartean. Gogor salatu du Israelen jokabidea. Eduard Fernandez aktoreak, berriz, babesa helarazi dio flotillari, eta esan du Gazan gertatzen ari dena ezin dela gatazkaz mozorrotu: «Guztiok islatzen gaituen ispilu bat da Gaza».
Portuan izan dira, besteak beste, Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarra eta Irene Montero eurodiputatua, eta Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkidea. Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak ere sare sozialen bidez eskertu die egiten ari diren lana flotillaren antolatzaileei.
Hirugarren saiakera
Ikusteko dago Israelek zer erantzun emango dion ekinbideari. Gazara iristeko beste saio bat izango da, aurrez Gazarako martxak, Askatasunaren Flotillak eta Magrebeko eta Malaysiako Sumud mugimenduak egin dutenaren antzekoa. Hain zuzen ere, hiru mugimendu horiek sustatu dute Global Sumud Flotilla, Gazarako Mugimendu Globalarekin elkarlanean. Zerrendara iristeko antolatu zituzten elkartasun ekintzek huts egin zuten, eta Egipton bat egin zuten guztiek. Orduan egindako harremanaren emaitza da saiakera hau.
Greta Thunberg eta Thiago Avila, gaur, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
Greta Thunberg eta Thiago Avila, gaur, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
«Helburua izango da genozidioa geldi dadila exijitzea; Israelen erantzukizuna salatzea; Gazak pairatzen duen legez kanpoko blokeoa itsasoz haustea; eta Palestinako herriari Euskal Herriko eta munduko elkartasuna, samurtasuna, laguntza eta babesa eramatea», azpimarratu dute antolatzaileek.
Euskal Herrian, azken egunetan, zenbait ekintza antolatu dituzte genozidioa salatzeko, eta datozen egunetan gehiago izango dira. Irailaren 2an protesta ekintza bat antolatu dute, Espainiako txirrindulari itzuliko etapa Izaban amaituko dela baliatuta; irailaren 6an, berriz, itsas martxa bat egingo dute Bilboko itsasadarrean; eta Tuteratik Hendaiara arteko martxa bat ere antolatu dute irailaren 10etik 20ra bitarte.
(Puede haber caducado)