Iruñean langile etorkin bat hil da eta Madrilen gipuzkoar bat

Gara, 08-09-2006

Ekuadorko langile etorkin bat hil zen atzo Iruñeko Buztintxuri auzoan eta bere semea larri zauritu zen eraikin bateko hirugarren solairuko aldamio batetik erori zirenean. Halaber, hondarribiar bat hil zen herenegun Madrilen Renferako lanean ari zela deskarga elektriko bat izan ondoren. Sindikatuek azpikontratazioaren arazoa nabarmendu dute.

GASTEIZ


Langile bat hil zen atzo Iruñean eta bere semea larri zauritu zen, aldamio batetik erori zirenean. Istripua goizeko 10.22an gertatu zen Buztintxuri auzoko Sanez de Oiza kalean. Bi langileak, Ekuadorkoak, hirugarren solairuan zeuden aldamiotik erori zirenean. Suhiltzaileek R.E.M.J., 42 urtekoa, ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen. Bere semea, J.MC., 18 urtekoa, Nafarroako Ospitalean dago larri zaurituta.

ELA, LAB, ESK, CGT eta EILAS sindikatuek istripua salatu zuten eta Murtxanten herenegun hil zen gidariarena ere gogora ekarri zuten, baita Eraikuntzan eta Garraioan lan istripu kopuru altuenak izaten direla nabarmendu ere.

«Lan erritmoek eta azpikontratazioek kasu gehienetan dute istripu horien errua», adierazi zuten sindikatuek. Buztintxuriko kasuak, gainera, «etorkin askok jasaten dituzten baldintzak islatzen» dituela esan zuten, Nafarroako biztanleen %10 izanik, lan istripuen %15 jasaten dute – eta. Datorren astelehenean, eguerdian, istripua gertatu zen lekuan elkarretaratzeko dei egin dute sindikatu horiek.

CCOOk istripua deitoratu zuen eta Arriskuen Prebentziorako Legea betetzeko beharra nabarmendu zuen. Horren ondorioz, arriskuak ekiditeko neurriak hartzeko eta langileei informazioa emateko eskatu zuen. Sindikatu horrek ere biktimek azpikontratatutako enpresa batentzat lan egiten zutela esan zuen.

Halaber, UGTk azpikontratazioa gehiegi erabiltzearen ondorioz prebentziorako neurririk ez dela hartzen salatu zuen. Horregatik, Administrazioak legea gogor dezala eskatu zuen, batez ere Eraikuntzan. Batasunaren arabera, Buztintxurin izandako istripua bezalakoak «ez dira kasualitateak», lan erritmoaren eta baldintza txarren ondorioak baizik, eta etorkinak dira kaltetuenak. Alderdi abertzaleak UPNren eta CDNren Gobernuari erantzukizunak eskatu zizkion. Halaber, ikerketa bat egiteko, erantzuleak bilatzeko eta neurri egokiak ezartzeko eskatu zion. Batasuna gaur eguerdian elkarretaratu egingo da UPNren egoitzaren aurrean.

Renferako lanean Madrilen

Bestalde, hondarribiar bat hil zen herenegun Madrilen Renfek azpikontratatutako enpresa baterako ­Lander Simulation & Training Solution­ lanean ari zela. U.A.L. 27 urtekoak, bagoi batetik erortzean, katenari bati heldu zion eta deskarga elektriko bat jasan zuen. Ondorioz, bertan hil zen gaztea. ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek istripu hori ere salatuko dute Donostian datorren astelehenean.

Azkenik, joan den asteazkenean Murtxanten istripu bat izan zuen Guillermo Gil garraiolariaren heriotza ez ahazteko eskatu zuen LABek: «Ezin dugu onartu zirkulazio istriputzat hartzea».

Garraiolarien lan baldintzak gogoratu zituen ondotik: jardunaldi luzeak, lan handia edo jarrera desegokiak eta jarraituak. Administrazioek arazo hori aztertzeko duten «ahultasuna lotsagarria» dela esan zuen. Gaur Tuterako Foruen Plazan elkarretaratzea egingo du LABek protesta moduan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)