Euskal Herriko ekintzaileak Global Sumud Flotillara batuko dira
Gara, , 26-08-2025BESTE BEHIN
Ekainean, Rafahko pasabidera heltzeko egindako saiakerak huts egin ondoren, «March to Gaza» ekimenak norabidea aldatu behar izan du. Orain, itsasoz egingo dute bidea.
Eskoriatza-Eskibel jauregiaren begiradapean, kufijaz eta bandera palestinarrez hornituta, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko taldeko ordezkariek atzo iragarri zuten Global Sumud Flotillan parte hartuko dutela. Ekimenaren helburua «Israelen blokeoa haustea eta genozidioa salatzea» da, Zerrendara iristeko prestatutako itsas bidaia eginez. Ontzidia hilaren 31n abiatuko da Bartzelonatik. Euskal Herritik lau kidek parte hartuko dute, eta bi autobus joango dira beste guztiei ere agurra eta babesa ematera.
Ekainean, Rafahko pasabidera heltzeko egindako saiakerak huts egin ondoren, “March to Gaza” ekimenak norabidea aldatu behar izan du. Orain, itsasoz egingo dute bidea. Zibilek gidatutako flotillak helburu argia du: «Elkartasuna Euskal Herriko ordezkaritzako kideek eta 44 herrialde baino gehiagotako Global Sumud Flotilla kideek parte hartuko duten nazioarteko ekimena da eta munduko Gobernuen pasibotasuna salatzea du helburu», adierazi zuten antolatzaileek. Abdelfattah al-Sisiren Egiptoko erregimenaren eskutik aurreko martxako kideek jasandako errepresioa salatu ondoren, bozeramaileek salaketari eta ekintzei eutsiko dietela esan zuten, «Gobernuek jarri nahi dituzten oztopoak gorabehera».
Horrez gain, argi utzi zuten herritarren presioa funtsezkoa dela Palestinako egoerari erantzun irmoa emateko: «Ez dugu espero Gobernuek beren kabuz jarrera aldatzea; herrien indarrak behartuko ditu hori egitera». Horrekin batera, nazioarteko komunitateari eskatu diote ez isiltzeko Gazako Zerrendan gertatzen ari denaren aurrean: «Ezin dugu onartu milioika pertsonak setio militar, gosete eta bonbardaketen menpe bizitzen jarraitzea, mundua begira dagoen bitartean».
FLOTILLATIK HARATAGO
Ekintza nagusiarekin batera, hainbat jarduera egingo dituzte Euskal Herrian. Erakundearen esanetan, helburua da ekintzek «konpromiso kolektibo eta jarraitua» erakustea, eta, aldi berean, genozidioa sustatzen duten produktu, enpresa eta erakunde guztien aurkako boikot deia zabaltzea.
Ekimen nagusien artean itsas martxa eta baraualdia nabarmendu zituzten. Lehenengoak Euskal Herriko ontziak bildu nahi ditu, Gazarekiko elkartasunez, Santurtzitik Itsasmuseumeraino nabigatzeko. Bigarrenak, berriz, genozidioa eta gosetea salatuko ditu, astelehenean hasita hilaren 29ra arte luzatuko den baraualdi baten bidez.
Beste jarduera batzuk ere aurreikusi dituzte, hala nola Tutera eta Hendaia arteko martxa, Euskal Herriaren iparraldea eta hegoaldea lotuz, horrela, Palestinaren askatasunaren aldeko aldarria herrialde osoan zehar zabaltzeko. Halaber, Estatu espainoleko txirrindularitza itzuliari egindako boikota ere azpimarratu zuten, bertan Israelgo talde bat gonbidatua izan delako.
ZURITZE POLITIKOARI SO
Antolatzaileen esanetan, halako ekimenek ez dute kirol arloko erabaki baten aurka egiteko soilik balio; Israelgo estatu sionistaren «zuritze politiko eta mediatikoari» aurre egitea dute helburu. Izan ere, gogorarazi dute Gazan milioika pertsona setio militar, gosete eta bonbardaketen menpe bizi direla, eta nazioarteko lehiaketetan Israelgo taldeak onartzea egoera normalizatzeko saio bat baino ez dela, egunero gertatzen den errealitate odoltsua estaltzeko.
Ekimen hauek herritarren, komunitatearen eta internazionalismoaren aktibismoaren garrantzia islatzen dutela esan zuten. «Euskal Herritik eta mundu osotik Palestinarekiko elkartasuna eta xamurtasuna helaraztea dugu helburu». Aktibismo koordina- tuaren beharra nabarmenduz Flotilla bera horren adibide delarik, «palestinarren duintasuna defendatu nahi duen oro» kausara batzeko deia egin zuten.
Ekitaldia «Palestina askatu» eta «Israeli boikota» oihu artean amaitu zen. Antolatzaileek gogorarazi zuten munduko gobernu gehienek palestinarren ahotsa entzun gabe jarraitzen dutela, eta herrien elkartasuna funtsezkoa dela injustizia horri aurre egiteko. Azpimarratu zuten ekimenek elkartasuna praktikan adierazten dutela eta palestinarren duintasuna defendatzeko borrokan jarraitzea beharrezkoa dela.
(Puede haber caducado)