Ebro ibaitik Kantauri itsasoraino, Palestina askatzeko aldarrikatzen

Gara, Martxelo DIAZ, 20-08-2025

Ebro ibaitik Kantauri itsasoraino ozen oihukatuko dute irailean «Palestina askatu», Tutera eta Hendaia lotuko dituen martxan. Atzo aurkeztu zuten ekimena Iruñean eta, antolatzaileek azaldu zutenez, horren bitartez «Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasuna» adierazi nahi dute. «Palestinako lurralde historikoak ibaitik itsasoraino askatasunaz, berdintasunaz eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia aldarrikatzen du», gaineratu zuen.

Ibilbideak hamaika etapa izango ditu, irailaren 10etik 20ra, eta ekimenak bi helburu ditu. Alde batetik, euskal lurralde osoko herri eta hirien kausa palestinarrari laguntzeko sare handia ikusaraztea eta aktibatzea. Horretarako, geldialdi bakoitzean tokiko batzordeak hurrengo etapan herritarren parte hartzea sustatuko du, eta Palestinarekiko elkartasunezko jarduera soziokulturalak izango dira; hitzaldiak, musika eta poesia topaketak, film eta dokumentalen proiekzioak, dakba dantza ikastaroak eta halako adierazpen solidarioak.

Bigarren helburua okupazio eta genozidio sionistarekin kolaboratzen duten Euskal Herriko enpresak eta erakundeak agerian jartzea eta salatzea da. Horrela, Bardean Israelgo Armadarekin elkarlan estuan diharduten NATOren aireko indarrek egiten dituzten bonbardaketak salatuko dituzte; Castejonen, Artikan eta Irunen CAF enpresak dituen lantegietan, Jerusalem ekialdeko okupazioa areagotzen duen tranbian parte hartzen ari direla salatuko dute; Elortzibarren, M. Torres enpresak Israelgo Armadari teknologia saltzen diola; Iruñean, Osasunbidearen egoitzan, Nafarroako erakunde publiko honek ekonomia sionista laguntzen duen TEVA enpresa israeldarraren sendagaiak erosten dituela; Iruñean bertan, Zara multinazionalak lurralde palestinarraren legez kanpoko okupazioan inbertitzen duela; eta Hendaian, Carrefour multinazionalak legez kanpo okupaturiko palestinar lurraldeetan negozioak dituela eta Gazan genozidioa egiten duten soldaduei janaria oparitzen diela.

IBILBIDEA
Ibilbidea honakoa izango da. Lehenengo etapa irailaren 10ean egingo dute Tuteratik Castejonera; 16 kilometro izango dira, lau ordu, eta Trenasa salatuko dute, Ebro ibaitik abiatuta. Bigarren etapa, irailaren 11koa: Castejon-Azkoien, 22 kilometro, bost orduan. Hirugarren etapa, irailaren 12an: Azkoien-Tafalla, 26 kilometro, sei orduan. Laugarren etapa, irailaren 13an: Tafalla-Soltxaga, hamalau kilometro, lau orduan. Bosgarren etapa, irailaren 14an: Elortzibar-Noain-Iruñea-Antsoain, hiriburuan manifestazio handia egingo delarik. Seigarren etapa, irailaren 15ean: Antsoain-Larraintzar, 19 kilometro, bost orduan. Zazpigarren etapa, hilaren 16an: Larraintzar-Doneztebe, 26,9 kilometro, sei orduan, mendi martxa izango delarik. Zortzigarren etapa, irailaren 17an: Doneztebe-Elizondo, hamalau kilometro, hiru orduan. Bederatzigarren etapa, irailaren 18an: Elizondo-Bera. Hamargarren etapa, irailaren 19an: Bera-Irun, hogei kilometro, lau orduan. Hamaikagarren eta azken etapa, irailaren 20an egingo da: Irun-Hendaia, bost kilometro, bi orduan, Kantauri itsasora helduko delarik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)