Aita Marik beste 13 pertsona erreskatatu ditu: «Bizitzak salbatzea ezin da inoiz delitua izan»
Aurreko ostiralean abiatu zuen Aita Marik bere 16. misioa Mediterraneo erdialdean eta dagoeneko 53 lagun erreskatatu ditu. Astearte honetan, beste 13. «Gure konpromisoa berresten dugu: bizitzak salbatzea ezin da inoiz delitua izan, arriskuan dauden bizitzak babestea betebehar humanitarioa da».
Gara, , 20-08-2025Aita Mari erreskate humanitarioko ontziak 13 pertsona zeramatzan ontzi bat erreskatatu du Mediterraneo erdialdean, Italiako SAR gunean, hainbat emakume eta adingabe; horietako bi guztiz bakarrik. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, «xalupa noraezean zegoen eta oso egoera ahulean».
Tunisiatik eta Marokotik erreskatatutako pertsonak Europara iristen saiatzen ari ziren, itsasoan hainbat egun eman ondoren. Tripulazioaren arabera, abuztuaren 14tik, ostegunetik, noraezean nabigatu ondoren, deshidratazioaren, akiduraren eta zorabioen sintomak zituzten erreskatatuek, «Mediterraneoa etorkizun hobe baten bila zeharkatzen dutenek dituzten baldintza gogorren isla».
16. misioa hasi bezain pronto, joan den abuztuaren 15ean, Aita Mari ontziak Mallorcatik gertu, 40 pertsona zeramatzaten bi txalupa lagundu zituen, txalupa batean 15 pertsona zihoazen, 5 haur eta 3 emakume barne, eta beste batean 25 pertsona, 7 haur barne. Aita Mari ontziko tripulazioak berehala lagundu zituen ura, barratxo energetiko eta salbamendu-txalekoak helaraziz, Salvamar Mimosa eta Guardia Zibila Cabreratik iritsi ziren arte. Orduan, ontziko pertsonak erreskatatu zituzten.
16. misioa lehenengoa izaten ari da Europako migrazio-itun berria ezartzeko fasea hasi zenetik. Itun horrek Italiaren eta Libiaren arteko konplizitateak indartzen ditu legez kanpoko itzulketetarako, bai eta ontzi humanitarioak erreskatatzeko lanak zigortzea eta kriminalizatzea ere. «Legedi berri honekin irekitzen den etorkizuna zalantzazkoa da, baina argi dugu bere helburua dela Mediterraneo erdialdean pertsonak erreskatatzea zailtzea eta nazioarteko zuzenbidetik at geratzea».
Astearte hau laguntza humanitarioaren munduko eguna izan zen. «Gure kostaldean bertan itsasoan bizia arriskatzen duten pertsonak daudela gogorarazten dugu, eta gure konpromisoa berresten dugu: bizitzak salbatzea ezin da inoiz delitua izan, arriskuan dauden bizitzak babestea eta laguntzea betebehar humanitarioa da, eta ezin da kriminalizatu; horregatik, heriotza-politika horien amaiera eskatzen dugu, eta argi eta garbi eskatzen dugu itsasoan heriotza gehiagorik ez izatea».
(Puede haber caducado)