Bilbok bat egin zuen Gazara Mugimendu Globalak mundu mailan deitutako protestekin
Gara, , 10-08-2025BOIKOTA
«Egin diezaiegun produktu israeldarrei edo genozidioa babesten dutenei. Agur Coca-Cola, mila esker konpartsei! Parrandan egongo gara, baina ez lo», esan zuten antolatzaileek.
Aste Nagusiaren “usaina”’ hartzen ari den Bilbon hilaren 16an hasiko dira jaiak, baina Areatzan txosnen egiturak altxatzen ari dira dagoeneko, Plaza Biribilean elkarretaratze jendetsua izan zen atzo. 40 herrialdetako aktibistek osatzen duten Mugimendu Globalak Gazara koalizioak egindako mundu mailako deialdiarekin bat egin baitzuen Bilbok, eguerdiko bero itogarriari jaramonik egin gabe.
Zazpi kaleetan, turistak aurrera-atzera, beraien martxan. Eta Plaza Biribilean, hiriko bihotz finantzario eta komertzialean, Palestinako ikurrek eta zapiek Gazan burutzen ari den genozidioa salatu zuten ozen. Ez baitago gugandik hain urruti, Gernikako bonbardaketari egin zitzaizkion erreferentziek islatu zuten bezala.
Bilbo-Palestina herri ekimenak deituta bildu ziren ehunka lagun Plaza Biribilean. Netanyahuren erretratuen ondoan, «bilatuta mundu osoan zehar, genozida eta kriminala» irakur zitekeen. “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile” edo “Boikot Israel, Palestina askatu” bezalako leloak etengabe entzun ziren.
Atzo burutu zen mobilizazio global honek herri palestinarrak Gazan egiten dituen premiazko deiei erantzun nahi izan zien. Lau eskaera plazaratu zituen: Gobernuek «presaz jardun» dezaten Israelen genozidioa eta Palestinaren kolonizazioa geldiarazteko; Gazarako lehorreko eta itsasoko pasabide guztiak «berehala eta modu iraunkorrean ireki» ditzaten; UNRWA edo nazioarteko beste erakunde neutral bat Gaza barruan elikagaiak eta ura modu seguru eta duinean banatzen hasteko, oztoporik gabe; eta, azkenik, laguntza humanitarioarekin Gazara nabigatzen duen Flotilla Global Sumud misio zibilari «itsas pasabide segurua bermatzeko».
Ekitaldiaren bukaeran, etxeari begira jarri ziren antolatzaileak: «Pentsatzen dugu hemen ere, Bilbon, badagoela barrikada bat faxismoari, arrazakeriari eta sionismoari aurre egiteko», aipatu zuten. Israelen interes orori boikota egiteko eskatu zitzaien partaideei «zoritxarrez Bilbon ere ugari baitira, Eusko Jaurlaritza, udala edo Metro Bilbao bezalako erakundeen laguntzarekin», eta konpartsek Aste Nagusian iragarritako Coca-Colaren boikota jarri zuten adibide gisa: «Boikota egin diezaiegun produktu israeldarrei edo genozidioa babesten dutenei. Agur Coca-Cola, mila esker konpartsei! Parrandan egongo gara, baina ez lo eta ez pasibo», esan zuten.
(Puede haber caducado)