Kaleko saltzaileen aurkako sarekada eta atxiloketen aurka mobilizatzera deitu dute astelehenerako Bilbon
Manteroekin Bat plataformak dio azken egunetan kaleko saltzaile gehiago atxilotu dituztela. Bilboko Udalak eta Ernek salatu dute atzo saltzaile batek atzamarra apurtu ziola polizia bati.
Berria, , 02-08-2025Manteroekin Bat plataformak mobilizatzera deitu du astelehenerako Bilbon, azken egunotan kaleko saltzaileen aurka Polizia egiten ari den sarekadak eta atxiloketak salatzeko. Protesta 18:00etan izango da, Zamudioko Atarian, Aski da manteroen aurkako eraso polizial arrazistekin lelopean.
Atzo bertan, Arriaga antzokiaren parean kalean saltzen ari ziren bi lagun atxilotu zituzten udaltzainek, bortizkeriaz. Adaxka kultur elkarteak sare sozialetan zabaldu duen bideoan ikus daiteke:
Azken asteetan, Polizia behin baino gehiagotan aritu da Bilbon kaleko salmentan dihardutenen aurka. Asteazkenean, Bilboko udaltzainek kaleko saltzaile bat atxilotu zuten Alde Zaharrean, Somera eta Zamudioko Atearen arteko bidegurutzean. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan, kaleko saltzaile bat ikusten da lurrean etzanda, eta udaltzain bi haren gainean jarrita, atxilotzeko asmotan.
Erneren salaketa
Erne sindikatuak, berriz, salatu du atzo Bilboko udaltzain bati eraso egin ziotela Nafarroa kalean. «Merkatari txikien babesean, legez kanpoko salmenta saihestuz, gero eta handiagoa da udaltzainek aurre egin behar dieten indarkeria eta errespetu falta». Ertzainen sindikatuak Bilboko Udalari eskatu dio «akusazio partikular gisa aurkezteko, gertakari horien eta udaltzainei egindako eraso edo atentatu guztien aurrean».
Bilboko Udalak, bestalde, jakinarazi du atzo udaltzainak Ripa kalean zeuden kaleko saltzaile batzuk atxilotzera joan zirela eta haietako batek udaltzain bati atzamarra hautsi ziola. Bilboko Udalak babesa adierazi die udaltzainei, eta gaitzetsi egin du haiekiko eta haien lanarekiko jokabide «oldarkorra edo errespetu falta».
(Puede haber caducado)