Palestinarekin Elkartasunak protestak deitu ditu jaietarako, eta manifestazio nazionala urriaren 4rako
Plataformak salatu du Gazakoa «planifikatutako gosetea» dela. Gasteizen abuztuaren 6an mobilizatuko dira, Donostian 10ean eta Bilbon 15ean. Manifestazio nazionala Iruñean egingo dute..
Berria, , 04-08-2025Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioak antolatu ditu Gasteiz, Donostia eta Bilboko Aste Nagusietan, baita manifestazio nazional bat Iruñean ere. Mendebaldeko enpresek eta gobernuek «genozidioarekin negozioa» egiten dutela salatu dute, eta erakundeen «hipokresia» nabarmendu. Horregatik, manifestazioetara batzeko eta Palestinari elkartasuna erakusteko gonbitea zabaldu dute.
Lehena Gasteizen izango da; abuztuaren 6ean 19:30ean Aldabetik hasiko da. Hurrengoa Donostian antolatu dute, abuztuaren 10ean 19:00etan Bulebarretik; Bilbokoa abuztuaren 15ean izango da, 19:00etan Eliptika plazatik; eta Iruñeko manifestazio nazionala urriaren 4an.
Mobilizazioek hiru aldarri nagusi izango dituzte oinarri. Alde batetik, Palestinar erresistentziari «baldintzarik gabeko babesa» erakutsiko diete; bestalde, Palestinaren askatasuna lortzeko «Israel suntsitzea» beharrezkoa dela defendatuko dute; eta, azkenik, Israelekin «edozein motatako harremanak» etetea eskatuko dute. Hori guztia lortzeko «antolakuntza internazionalista sortzen eta zabaltzen jarraitzeko» konpromisoa hartu dute.
Gazan gosez hiltzen ari direnen irudiek eta datuek izan duten oihartzuna azpimarratu dute: «Orain arte ez dugu horrelako kezkarik ikusi hamarnaka mila heriotzengatik». Plataformak hedabideei leporatu die horiek argitaratuz «Israeli aurpegia garbitzearen erantzukizuna gainetik kendu nahi izatea». Gaineratu du hainbat estatuk ere «itxurazko kezka» adierazten dutela eta «babes sinbolikoa» ematen dutela.
«Gosetea planifikatua izan da, eta duela bederatzi hilabete publikoki iragarri zen Rafah-ko pasabidea erabat itxi zenean, ura, janaria, erregaia eta elektrizitatea sartzea galaraziz»
PALESTINAREKIN ELKARTASUNA PLATAFORMA
Palestinarren gosetea «planifikatua» izan dela uste dute protestak deitu dituztenek, azaldu dutenez, duela bederatzi hilabete Rafah-ko pasabidea itxi baitzuten; ura, janaria, erregaia eta elektrizitatea iristea galaraziz. Esan dute laguntza iristen denean, aldiz, hori jasotzera joaten direnak tirokatzen dituztela «mertzenario estatubatuar eta israeldarrek». Israelen su-etenaren akordioak 600.000 palestinar hegoaldean kontzentrazio-esparru batean biltzeko baldintza omen du; ondoren, beste herrialde batzuetara kanporatzeko.
Ez da Aste Nagusian Palestinaren alde egingo den ekintza bakarra. Bilboko hainbat txosnak Coca-cola ez dute salduko, produktu hori sortzen duen lantegi bat dagoelako Palestinako lurralde okupatuetan.
(Puede haber caducado)