Gatibu israeldarren familiek «gerra bukatzeko» eskatu diete Trump eta Netanyahuri
Gara, , 03-08-20252023ko urriaren 7ko erasoetan Hamasek gatibu hartutako israeldarren senideek protesta kanpaleku bat ezarri zuten atzo Tel Aviven. Alanbre-hesia eraiki zuten Bahituen Plazan, eta bertan eserialdia egin zuten beren gertukoen «duintasuna» aldarrikatzeko.
Bahituen eta Desagertuen Senideen Foroak ohar batean azaldu zuenez, kanpalekuan bildutakoek Israelgo Gobernuari eta Donald Trumpen AEBko Administrazioari «euren senideei begietara begiratzeko» eskatu zieten. Izan ere, gatibuak hiltzeko «arriskua agerikoa eta berehalakoa da».
«Galtzeko arriskua handitzen ari da. Gerra amaitzeko akordio zehatz bat lortzeko unea da. Atzerapen gehiagorik gabe. Inor atzean utzi gabe. Amesgaizto honekin amaitu eta ekar itzazue etxera», dio senideen foroak bidalitako testuak.
BIDEO BERRIAK
Azken egunotan bahituen bideo berriak ikusi ostean jarri zuten martxan protesta. Al Qasam Brigadek Evyatar David bahitu israeldarraren bideo bat zabaldu zuten ostiralean, eta atzo beste bideo bat argitaratu zuten. Gazako Zerrendako tunel baten barruan zegoen. «Nire hilobia zulatzen ari naiz», dio 24 urteko gazteak, metro bateko zabalera duen Zerrendako tunel barruan pala bat darabilen bitartean. «Denbora agortzen ari da».
Bideoaren amaieran, Evyatar David palaren gainean erortzen da Israeli su-eten bat eskatu ostean, eta talde islamistak testu bat erakusten du: «Su-eten akordio batek bakarrik buelta ditzake bizirik».
Davidek egunero jaten duena egutegi batean jasotzen duela azaltzen du. Gazteak dioenez, dilistak eta babarrunak tartekatzen ditu egun batetik bestera, eta batzuetan hiru egun igarotzen ditu jan gabe. «Hau bi egunetarako da, bizirik mantentzeko», dio lekale lata bat jaten duen bitartean.
Gaztea Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari ere zuzentzen zaio: «Abandonatua izan naizela sentitzen dut. Nire Gobernuko lehen ministroa zaren aldetik, ni eta beste bahituak zaindu behar dituzu».
Ostegun gauean, Jihad Islamikoak Rom Braslavski gatibuaren beste bideo bat argitaratu zuen. Bere argaltasuna agerikoa da irudietan. Bideoan negar egiten du, Israelgo Gobernuari Gazara elikagaiak sartzen uzteko eskatzen duen bitartean.
Bahituen senideek gogor kritikatu zuten bideoak zabaldu izana; izan ere, ez zuten baimenik eman eduki hori argitara emateko edo sare sozialen bidez partekatzeko. «Orain, hau ikusi dutenek ulertzen dute Evyatar zein egoeratan dagoen», nabarmendu zuen Evyatar Daviden arrebak.
(Puede haber caducado)