Ehun hildako baino gehiago, gosetea handitzen doan bitartean
Gara, , 01-08-2025Egun bakar batean, Israelen erasoek 111 pertsona hil eta beste 625 inguru zauritu zituzten Gazan, enklabeko Osasun Ministerioak atzo nabarmendu zuenez.
Hala, Israelen erasoaldia hasi zenetik 60.239 pertsona hil dira guztira eta zaurituen kopurua, berriz, 146.894ra igo da. Horietako askok, gainera, bizitza osorako anputazioak eta lesioak jasan dituzte metrailagatik.
Agintari palestinarrek behin eta berriz adierazi dutenez, datu horietan ez dira sartzen Israelen bonbardaketek eragindako hondakin tonen azpian jarraitzen duten milaka pertsonak.
Makina astunen faltak eta Estatu sionistaren Armadak kokagunearen zati handi bat «borrokarako eremu» izendatzeak gazatarrak ezin dira toki horretara sartu zaildu egiten dituzte defentsa zibileko taldeen gorpuak erreskatatzeko lanak.
DESNUTRIZIOAK GORA EGIN DU
Bestalde, hildakoen zenbaketa globalean ere ez dira sartzen desnutrizioak eragindako heriotzak; uztailean gora egin dute horiek, Israelek laguntza daramaten kamioiak sartzeko ezarri dituen murrizketa gogorren ondorioz.
«Goseak dauden herritarrei jaten emateko gutxieneko elikagai-kopurua emateko etengabeko blokeoa eta praktika arriskutsu eta desantolatuak etsipena eta barne-indarkeria elikatzen ari dira, eta, aldi berean, zama jasanezina dira Gazako osasun-sistema kolapsatuarentzat», ohartarazi zuten atzo Mugarik Gabeko Medikuek.
NBEko agentziek atzo nabarmendu zuten gosetea arintzeko egunero 500 eta 1.000 kamioi artean sartu behar direla laguntzarekin. Komunikatu hau argitaratu baino ordu batzuk lehenago, bertako ospitaleetako iturriek baieztatu zuten gutxienez 91 gazatar hil zirela Gazako hainbat tokitan laguntza humanitario bila ari ziren bitartean.
Hildako gehienak, 60, Gaza hiriko Al-Xifa ospitalean erregistratu zituzten; enklabearen ipar-mendebaldeko Zikimeko bidegurutzera joanak ziren, egun hauetan lurraldean sartzen ari diren kamioiek daramaten laguntza lortzen saiatzeko. Azken datu horiekin, 1.330 dira hildakoak eta 8.818 zaurituak AEBk eta Israelek babesten duten Gazarako Fundazio Humanitarioaren (GHF) azken operazioetan.
Bestalde, martxoaren 18tik, hau da, Israelek su-etena hautsi zuenetik, hildakoen zenbaketa eguneratu zuen atzo Osasun Ministerioak. Ordutik 9.071 pertsona inguru hil eta 34.853 zauritu ditu Estatu sionistak.
(Puede haber caducado)