Espainiak ezkutuko bidaiariekin epel jokatu duela salatu du CEARek
Santurtziko ezkutuko hiru bidaiarien etorkizuna Madrilgo epaitegi baten esku utzi duela esan du
Berria, 07-09-2006ERREDAKZIOA
Donostia
Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariak Santurtzira iritsitako ezkutuko bidaiariekin «epel» eta «adoregabe» jokatu duela salatu du Javier Galparsorok, Euskadiko Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordeko (CEAR) lehendakariak. Miguel Angel Fernandez Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkariak hiru ezkutuko bidaiariri Bizkaian sartzen utzi die; baina CEARek salatu duenez, Fernandezek bere erantzukizunei uko egin die eta ezkutuko bidaiarien etorkizuna Madrilgo Administrazioarekiko Auzietako bigarren Auzitegiaren esku utzi du.
Lau ezkutuko bidaiari iritsi ziren abuztuaren 22an Santurtzira, Agiasma ontzian. Laurek eskatu zuten babesa, baina bati bakarrik eman zioten. Beste hirurek gose eta egarri greba hasi zuten, ontziaren barruan egon behar zutelako eta bertan tratu txarra ematen zietela salatu zutelako. Epaile batek portuko trantsizio gunera eramateko agindu zuen.
HELEGITEA. CEARek helegitea aurkeztu zuen ezkutuko hiru bidaiariren babes eskaerak atzera bota zituztelako eta Madrilgo Administrazioarekiko Auzietako Bigarren Auzitegiak erabaki beharko du ea babesa jasotzeko eskubidea duten edo ez. Karmele de la Vega hiru ezkutuko bidaiarien abokatuaren esanetan, erabakia bihar edo astelehenean jakitea espero dute.
Javier Galparsorok zehaztu zuenez, helegitea atzera botaz gero, ezkutuko bidaiariak legez kanpo egongo lirateke Bizkaian, eta Espainiako Gobernuak kanporatzeko prozesua abia lezake. Hala ere, bai Javier Galparsorok, bai Karmele de la Vegak, espero dute «ohiz kanpoko arrazoi humanitarioengatik» Espainiako Gobernuak ezkutuko bidaiarien egoera arautzea.
(Puede haber caducado)