Kanarietara zihoazen 203 etorkin jaso ditu Guardia Zibilak

Nazio Batuen Erakundeak emakumezko etorkinen inguruan ateratako txostenak %80 esplotazio egoeran bizi direla dio

Berria, 07-09-2006

k.u.

Emakume izatea garesti dagoen mundu bat sortua da. Herrialde garatuenetan genero berdintasunaren gaia kalean dabilen bitartean, etxeko sotoetan astakeria galantak egiten dira, gehienak emakumezko etorkinekin. Nazio Batuen Erakundeak emaniko datuetan oinarritzen da honako testua.

Ez da erraz esaten; 95 milioi emakume bizi dira euren herrialdea utzita, dela ezkontzeko, dela senarrarekin batzeko, dela lanerako. Etorkinen %49,6. Ez beti, baina badago aldea etorkina emakumezkoa edo gizonezkoa izan. Jatorrizko herrialdeari eta hartu duen herrialdeari izugarrizko onura ekonomikoak ematen dizkio emakumezko etorkinak. 2005ean, 232.000 milioi dolar bidali zituzten jatorrizko herrialdeetara. Gehienak, garapen bidean doazenak izaki, herrialde horientzako bigarren diru iturri nagusia bilakatu da.

Gizonezkoen aldean diru kopuru handia bidaltzen dute etxera. Datuek hala erakusten dute. Hona adibidea: Bangladesheko emakume etorkinek irabazien %72 bidali zituzten etxera. Horietatik %56 eguneroko beharretarako, osasun arloetarako eta hezkuntzarako. Datuok erakusten dute zeintzuk diren emakumezkoen lehentasunak. Neskame, umeen, gaixoen edo zaharren zaintzan, zerbitzari, harreragile gisa aritzen dira.

Batzuk asilo – politikoak dituztenak dira, beste batzuk errefuxiatuak. Egoera horretan okerrera egiten dutenak ere bai: lantegietan esplotatuak edo sexurako erabiliak. Laneko Erakunde Internazionalaren arabera, 2,45 milioi pertsonak egiten dute lan esplotazio egoeran; %80 emakumezkoak, haur zein heldu. Emakumezkoen salerosketa sexu kontuetarako eta esplotazioetarako erabiltzen da. Egun, legez kanpoko merkataritzan diru gehien mugitzen duenen artean dago, drogen eta armen atzetik. 7.000 milioi eta 12.000 milioi dolar bitartean mugitzen dela kalkulatu dute adituek.

PROFESIONALEN BEHARRA. Herrialde ez garatuek osasun arloan bizi duten egoera tamalgarriari aurre egiteko baliabide gutxi dituzte. Horretan ere zerikusi handia du emigrazioak; esaten dutenez, emigrazioak dakarren arazo handienetakoa da.

Hainbat erizainek eta medikuk herrialde garatuetara joan nahi izaten dute, batetik bizi – kalitatea hobetzeko, eta bestetik, dituzten gabeziekin lan egitea ezinekoa zaielako. Hiesak kutsatutako kasu gehien dituzten herrialdeetako profesionalek izaten dute emigratzeko gogo gehien. Horren adibide da Zambia: independentzia lortu aurretik 600 mediku zituen herrialdeak, gaur egun 50 bakarrik ditu. Osasunaren Erakunde Mundialak 100.000 pertsonako 100 erizain egon behar dutela onesten du. Leku askotan ez dira 10era ere iristen.

Egoera horren guztiaren atzean txirotasuna, genero ezberdintasuna eta garapenerako aukerarik ez izatea dago. Hala dio NBEren txostenak. Horra hor, premiazko hainbat betebehar.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)