Arrazakeria eta faxismoaren aurka mobilizatu da Irun: «Arrazakeriari ez; ez hemen, ez inon»
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin du gaur San Juan plazan, faxismoaren eta arrazakeriaren aurka. Eskuineko diskurtsoak salatu dituzte, ‘auzo patruilak’ gaitzetsi eta bizikidetza defendatzeko deia egin dute.
Gara, , 24-07-2025Faxismoaren eta arrazakeriaren aurka mobilizatu da asteazken honetan Irun, udalerriko Harrera Sareak deituta. «Arrazakeriari ez. Ez hemen, ez inon. Ez herritarren patrullei. Faxismoari ez» lelopean elkarretaratu dira Irungo San Juan Plazan.
Plataformak ohar bidez adierazi duenez, «tantaz tanta, pixkanaka, ideologia faxista eta arrazistak barneratzen ari dira gizartean, baita tradizio antifaxista duten herri eta auzoetan ere, eta bere burua arrazistatzat jotzen ez duten pertsonengan ere».
Testuinguru honetan, salatu dute azken hilabeteetan «ideologia neonazidun hainbat taldek inpunitate osoz jardun dutela Irunen, gure kaleetan gorrotozko diskurtsoa zabaltzen eta hainbat gazte kolektibori mehatxu eginez».
Era berean, gaitzetsi dute «‘Auzo patruila’ izenez aurkeztu den itxurazko talde fantasmagorikoa» agertu izana, «itxura edo jatorriaren arabera pertsonak seinalatu eta jazartzera bideratuta baitago», eta horrek «tentsioa eta bizikidetzaren hondatzea» ekarri duela nabarmendu dute.
«Patruila herritarrak ez dira konponbidea, arazo bat baizik», azpimarratu dute Irungo Harrera Sareatik. Haien hitzetan, «arrazismo antolatu eta egituratu baten adierazpena dira, eta eskuin muturraren diskurtsoa zabaltzeko baino ez dute balio».
Ohartarazi dute «migratzaileon, emakumeen, LGTBIQ+ komunitatearen, langileen, adinekoen eta gazte zaurgarrien eskubideak zapaldu eta murrizteak» ez duela gizartea «askeago egiten».
(Puede haber caducado)