Bero-bero

Berria, 05-09-2006

Maliko kantaria guztiz zoriontsu geratu zen eta horren ondorioz Getxon inoiz ikusi ez dugun egoera gauzatu zen: entzule afrikarrak agertokira gonbidatu zituen azken kantuan eta halako batean, hesi guztien gainetik, hantxe kokatu zen bi dozena lagun gerria eta eskuak astintzeko prest. Horrela amaitu zen gau eder eta bero – bero hau, bisik gabe, bai, baina guztien gustura.

Zortzi musikari ekarri zituen albino afrikarrak Getxo Folk jaialdira M’Bemba (Arbasoak) lan berria aurkezteko eta, egia esan, gogoz etorri zen Afrikako ahots onenetarikoaren jabea. Jendea berehala bereganatzeko bide zuzena aukeratu zuen, hau da, diskoetan agertzen diren kantu lasaiak baztertu eta erritmoa piztea. Talde honen erritmoak hipnotikoak dira eta konturatu gabe dantzara eramaten gaituzte; erritmo atala oso zabala da (bateria, bi perkusio jotzaile, baxua, bi gitarra elektriko) eta zutabe sendo honen gainean Salif Keitaren eta bi emakumezko kantarien ahotsak naturaltasun osoz kokatzen dira. Baina taldearen indarra ez da hemen agortzen: laugarren kantuan soloak hasi ziren (kora moduko camele n’goni – a, baxua, gitarrak, Senegaleko tama danbor txikia, congak…) eta perkusio jotzaileak kalabazan lan ederra egin ondoren txalo beroak eta dantzak elkartu ziren kantaldia amaitu zen arte.

Salif Keitaren ahotsa primeran zegoen, nahiz eta haren izugarrizko falseteak oso gutxitan agertu (baladetan sakontzen du atal hori). Ondoan bi kantariek erantzun egokia eman zioten kantu bakoitzean eta bide batez koreografia dotoreak edo inprobisazio galantak kateatzen zituzten. Kantu berriak agertu ziren (Laban, Yambo, M’Bemba, Calculer) eta aurrekoak ere (Kokou, Madan, Kankoun) berreskuratu zituen kantariak, behar den moduan amaitzeko: 1978ko Mandjou arrakastatsuaz eta Afrikako entzuleekin taula gainean. Oso ospe txarra dute albinoek Afrikan zehar eta Salif Keitak txikitatik sufritu ditu sineskeria horiek. Gehiago jakin nahi ezkero bilatu Interneten Keitak berak sortutako onegintzako fundazioa, hots, SOS Albino. Artista handia, are pertsona handiagoa.

Lekua: Getxoko Geltokiko plaza Data: Irailak 2. Jende kopurua: 6.000 lagun.

Iraupena: Ordubete eta 35 minutu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)