Paperik gabeko etorkin gehiagorik ez duela onartuko iragarri du Espainiako Gobernuak
Kanarietako harrera zentroek gainezka egin dute; ostegunaz geroztik 2.500 etorkin iritsi dira
Berria, 05-09-2006arantxa elizegi
«Legez kontrako bideak erabiliz Espainian sartzen direnak, lehenago edo beranduago Espainiatik kanporatuak izango dira; hori jakin behar dute iristen diren guztiek eta haien gobernuek». Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegaren hitzak ziren horiek. Espainiak ez duela paperik gabeko etorkin gehiagorik onartuko iragarri zuen atzo De la Vegak. Kanarietara inoiz baino etorkin gehiago iritsi dira aurten. Uharteetako harrera zentroetan, jada, ez dute tokirik jende gehiagorentzat. Herenegun eguerdian 5.446 pertsonentzako tokia duten zentroetan, 5.461 lagun zeuden. Datu bat: ostegunetik igandera bitartean 2.500 immigrante iritsi ziren Kanarietara.
Hiru txalupa iritsi ziren atzo goizaldean El Hierro, Gran Canaria eta Tenifera uharteetara. Lehenengoa La Restinga portuan gelditu zen, El Hierro hegoaldean, 110 pertsonarekin. Horietatik 12 adingabeak. Osasun egoera onean zeuden arren, guztiek zituzten erredurak eta zauri txikiak. Goizeko laurak aldera, berriz, bigarren ontzia iritsi zen, azken hori Arguineguinera, Gran Canariara. Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak ziren bertan zihoazen 117 bidaiariak. Bat erietxera eraman behar izan zuten hipotermiagatik. Hirugarren txalupa arratsaldean iritsi zen Los Cristianos portura 67 bidaiari zeramatzala.
Txalupetan iristen diren etorkin adingabeak ere geroz eta gehiago dira. Egun 700 inguru daude Kanarietan. Hori dela eta, Kanarietako Gobernuak laguntza eskatu dio Espainiakoari, adingabeak penintsulara eramateko. Adingabeen kasuan, zailagoa da beren herrialdeetara itzultzea. Ondorioz, maiz, urte askotan geratzen dira harrera tokietan.
Bestalde, herenegun, ontzi bat iritsi zen Lanzarotera. Baina txalupa irauli egin zen, eta ondorioz, bidaiarietako bat itota hil zen. Espainiako Guardia Zibilaren arabera, hogei bat pertsona zihoazen ontzian, eta gehienek ihes egitea lortu zuten. Poliziak zazpi lagun atxilotu zituen. Almerian (Espainia), berriz, beste bederatzi etorkin atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Inguru berean salbamendu taldeek 21 etorkin atera zituzten itsasotik. Malagan (Espainia) 21 etorkin aurkitu zituzten, marokoarrak guztiak. Tartean sei adingabe zeuden.
Horiek hala, Senegalek iragarri zuen atzo mugak zaintzeaz arduratzen den Frontex taldearekin elkarlanean arituko zela, eta ordezkaritza bat bidaliko zuela Kanarietara Senegalgoak diren eta han dauden herritarrak identifikatu eta beren herrialdera eramateko.
«EGITURA ARAZOA». Europako Legebiltzarreko presidente Josep Borrellen iritziz, aurten Kanarietara eta Lampedusara (Italia) iritsi diren etorkinena ez da momentuko krisia, egitura arazoa baizik. Hori dela eta, politika bateratuak eskatu dizkio Europako Batasunari: «Pertsona horiek ez dute Lampedusan edo Lanzaroten geratu nahi, Europara iritsi nahi dute. Horregatik han gertatzen ari dena guztion arazoa da». Arazoa udaro errepikatuko dela iragarri, eta nabarmendu du Europaren eta Afrikaren arteko errenta eta demografia desberdintasunek immigrazioaren gorakada eragingo dutela.
Harekin bat etorri da Espainiako Gobernuko presidenteordea ere. Hark eskatu die etorkinen jatorrizko herrialdeei Espainiarekin nahiz Europako Batasunarekin sinatutako akordioak errespetatzeko, eta ohartarazi die Madrilek ez duela hitzarmen horiek urratzea onartuko. Haren iritziz, immigrazioak frogatzen du barne arazo bat ezin dela konpondu nazioartearen laguntzarik gabe.
Espainiako Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek nabarmendu du garrantzitsuena dela mugak zaintzea, gizakien trafikoan aritzen diren taldeak atxilotzea, eta etorkinak beren herrialdeetara itzultzeko tramiteak azkartzea.
«Espainiara legez kontrako bideak erabiliz sartzen direnak Espainiatik kanporatuak izango dira»
maria teresa fernandez de la vega
espainiako Gobernuko presidenteordea
«Pertsona horiek Europara iritsi nahi dute; horregatik, han gertatzen ari dena guztion arazoa da»
josep borrell
europako legebiltzarreko presidentea
(Puede haber caducado)