Kalerik kale, beldurra eta urduritasuna
Estatu Batuetako edozein kale eta errepidetan ibiliz oso ohikoa da espainiera entzutea. Nekazaritzan, herri-lanetan, eraikuntzan, jatetxeetan, latinoamerikar asko ari dira lanean. Legezko paperekin, batzuk; paperik gabe, bestetzuk. Orain, beldurra hedatu da hiriz hiri eta familiaz familia, ICE migrazio-poliziak harrapatuko ote dituen.
Gara, , 23-06-2025Zortzi solairuko eraikina, apartamentudun etxea Washington hiriko mendebaldean. Estatu Batuetako edo Europako beste edozein hiri izan zitekeen. Goizean goizetik lanean diharduten garbitzaileek ez dute herrialdeko hizkuntzan egiten. Rosak badaki zerbait; Danielek, ez. «Non mugitzen zaren, espainieraz molda zaitezke. Baina eremu horretatik at, beharrezkoa da ingelesez egitea, apur bat behintzat», esan du emakumeak. Berak sekula ez duela ondo egingo dio, baina pozik dago seme-alabek nola egiten duten ikusita. Haientzako etorkizun hobe baten bila etorri zen El Salvadorretik, inguruko beste milaka familia bezala. Orain, dena hankaz gora jarri da bere inguruan.
«Zorionez, nik badaukat erresidentzia (bertan bizitzeko baimena), eta horrek segurtasun handia ematen du, nahiz eta sasoi honetan ezer ez den ziurra. Baina inguruan sufritzen ari den jende asko ezagutzen dut», esan du.
Etxe barruan bizi du zatiketa: seme-alabetan gazteenak AEBko herritartasuna dauka, bertan jaio zelako. Nagusiak ez dauka, El Salvadorren sortu eta amak txikitan ekarri bazuen ere. Dreamers, alegia, ameslariak dira, kanpoan sortu arren bizitza osoa Estatu Batuetan egin eta ia beste herrialderik ezagutzen ez duten gazteak. Barack Obamak herritartasuna lortzeko bidea eman zien duela hamahiru urte DACA legearekin. Ordutik, itxita dago bide hori: «Espero dut ekaitz hau pasatzea eta hemen lanean ari garenontzako bide bat egotea». Seme-alabak hazi ahala, garrantzitsuena «arazoetan ez sartzea» dela esan du. Badaki «tentazioa hor dagoela, diru erraza drogen inguruan, baina betiko hondatzen dizu bizia. Jainkoari eskatzen diot hortik apartean eramatea seme-alabak».
Hau ere zure interesekoa izan daiteke
Operación ‘Midnight Hammer’ contra Irán: más de 125 aviones y 75 bombas y misiles
Operación ‘Midnight Hammer’ contra Irán: más de 125 aviones y 75 bombas y misiles
El IRA se tomó al pie de la letra la máxima de todo preso: fugarse
Horietako bat Daniel da. Mam etniako maia da, eta Guatemalako Quetzaltenangotik iritsi zen Estatu Batuetara. Salvadortarren aldean, gutxiago dira Guatemalakoak Washingtonen eta inguruko Marylanden, Virginian ixil maien komunitate bat dago. «Lagun bat hemen zegoelako etorri nintzen hona. Banekien hasieran gogorra izango zela, baina gero hobera egingo zuelakoan nengoen. Guatemalan pobrezia handia dago, gosea», kontatu du. Lanik ez zaio falta, baina oso adi ibili behar du: «Duela egun gutxi ICE (migrazio-polizia) Avalon-en sartu zen, kalean behera dagoen urbanizazioan. Ezin dira etxe barrura sartu, baina eraikinean gora eta behera ibili ziren, eta pertsona bat eraman zuten».
Ekainean, ikasturte amaieran, mugimendu handia egoten da apartamentuetan. Hutsik geratu den etxebizitza bat garbitzen ari dira, aurki berriz ere alokatzeko. Unibertsitateko ikasleak, irakasle batzuk ere bai, kazetariak, enbaxadetan lanean dauden familiak, herrialde osotik zein atzerritik etorritako jendea bizi da: «Atzo utzi zituen giltzak Kazakhstango familia batek; dena garbitu behar dugu. Garbiketa enpresako guztiak gara latinoamerikarrak. Urbanizazioko beharginen artean badira estatubatuarrak, morenoak (beltzak), zuririk ez. Eta indiar pare bat ere badira, ingelesez dakitenak».
Connecticut etorbidetik urrunduta, etxe dotoreak daude Chevy Chase inguruan. Ez dira gutxi etxeotan bizi diren diplomazialariak, Gobernuko eta kongresuko kideak eta Washingtonen dauden nazioarteko erakundeetako goi-kargudunak. Espainieraz entzunez gero, ia ziurra da ez direla bizilagunak, etxeak konpontzen diharduten beharginak baizik. Ramon El Salvadorrekoa da eta bere beste hiru herrikiderekin batera ari da hiru solairuko etxe handi bat eraberritzen. Bizkor elkarrizketatzeko dio; «nagusiak ia ez digu atseden hartzen uzten. Bertakoek nahi ez duten lana egiten dugu, eta batzuetan bi eta hiru lan ere bai. Hemen ondo lan eginez gero, egin liteke diru polit bat, baina bizimodua ere garestia da».
Azken hilabeteetan, elkarrekin komunikatuta daude etorkinetako asko, gizarte-zibileko babes elkarteen bidez antolatutako aplikazioen eta komunikazio-taldeen bidez sarritan. Behin baino gehiagotan iritsi zaizkie abisuak, ICE inguruan ibil daitekeela ohartarazten: «Baina ezin duzu lana utzi zurrumurruengatik».
Bi kale beheragotik datozen bachata doinuak entzuten dira. Espero bezala, aldamio txiki bat, eta etxeari aldamenean eransten ari zaizkien aparkalekuan Erdialdeko Amerikako beharginak. «Virginia aldean mugimenduren bat dagoela dirudi», esan du Jorgek. Badaki edozein egunetan Tenleytown auzunera ere etorriko direla eta jende askorik ez dabilen honelako kaleetan beste leku batzuetan baino errazagoa dela polizia etorri eta inor ohartu gabe pertsonak desagerraraztea.
2021eko ikerketa baten arabera, eraikuntzako langileen laurdenak legezko agiririk gabeko etorkinak dira Estatu Batuetan. Azkenaldian «legezko agiriak» kontzeptuak esangura ere galdu du: agiriren bat zeukaten etorkin askori orain arte zeukaten babesa kendu diete, eta Washington eta beste hiri progresista batzuetako udalek pertsona guztiei migrazio-estatusa begiratu barik emandako zerbi- tzuen zerrenden atzetik dihardu ICEk.
Davenport kalearen bi aldeak moztuta daude espaloian eta asfaltoan konponketa-lanak egiteko. Azpikontratatutako enpresako beharginek peto horiak daramatzate, eta espainiera eta ingelesa tartekatzen dira. Matt da taldeburua. «Hemen denak ari dira lanean, eta lanerako agiriak dituzte. Agiri horiek benetakoak diren ala ez, ez dagokigu guri egiaztatzea. Langile finak dira, bero sapa honetan kalean lanean; auzoko zuriak ez dituzu ikusiko hemen», azaldu du. Are gehiago, jende falta izan dutela ere aipatu du.
OSTALARITZA JOPUNTUAN
Connectictut etorbidean behera Bread Furst dago, etorkin aleman batek sortutako okindegia, instituzio bat Washingtonen. Aldameneko Flagship Carwash 1941ean ireki zuten auto-garbiketako enpresa bat da; oso estatubatuar estetika dauka, baina espainiera da nagusi autoa kanpotik eta barrutik igurtzi eta arazten ari direnen artean. «Elkarrekin antolatuta gaude operazioren baten berri izanez gero, baina beti ez dago astirik», esan du Nikaraguatik etorritako Rafaelek.
Milaka familiarengana iritsitako ezinegona ikastetxeetan ere nabari da. Donald Trumpen agintaldi hasieran haur askok utzi zioten eskolara joateari. Astiro-astiro itzuli ziren, baina azken sarekadek beldurra eta urduritasuna hedatu dute berriz ere. Goizeroko beldurra, haur askorentzat: eskolatik bueltan gurasoak oraindik bertan egongo ote diren.
Kalean gora italiar jatetxe bat dago, eta etorbidean parez pare, Politics and Prose liburu-dendaren aldamenean Muchas Gracias mexikar jatetxea eta Comet Ping Pong pizzeria. Bertako nagusiek beste inork baino lehen sufritu zuten trumpismoaren oldarraldia: 2016ko hauteskunde kanpainan alt-right eta eskuineko kazetariek pertsonen trafikoa eta haurrak taldean bortxatzeko (eta are hilketa erritual baterako) sare bateko konspirazio batean kokatu zuten pizzeria. Liburu-denda eta Little Red Fox kafetegia ere konspirazio berean sartu zituzten. Ipar Carolinatik etorritako 28 urte gizonezko batek AR-15 errifle batekin tiro egin zuen pizzeriaren aurka, inor zauritu gabe.
Ia hamarkada bat beranduago, gezur horiek hedatu zituztenak boterean daude. Ez doaz pizzeriaren aurka, baina bai inguruko jatetxeetako langile eta banatzaileen aurka. Maiatz hasieran ICEko agenteak Washingtoneko ehun taberna eta jatetxe baino gehiagotara joan ziren. Etorkinekin lanean ari diren elkarteek operazioa gertatzear zela jakin zuten «baditugu gure sareak, eta gertatu aurretik jakin ohi dugu sarritan», diote, eta biharamunean ohartarazita zegoen jende gehiena.
Antonio venezuelarrak Uber-entzat lan egiten du, pertsonak eramaten eta janaria banatzen: «Denetik egin izan dut; platerak garbitzen hasi nintzen ingelesik ez nekienean, eta orain ere lan eta lan ari gara». Bere emazteak ere kosmetika-negozioa dauka etxean, baina janaria partitzen ere ibiltzen da. Hilabetero Venezuelara dirua bidaltzen dute, baina amona ekartzeko plana ia ezinezko bihurtu zaie Trumpek herrialdea bisarik emango ez zaienen zerrendan sartu eta gero.
Alaba nerabea daukate eta quinceañera jaia hurbiltzen ari da. Dirutza egun bakarrean xahutu ordez, bidaia bat egitea amesten zuten. Puerto Rico pentsatu zuten hasieran, «baina AEBko herrialdea izan arren, abokatuak ez arriskatzeko esan zigun». Hurrengo plana Miami izan zen; autoz urrun dago, baina joan daiteke. «Guk oraingoz baditugu asilo-eskatzaileen paperak, baina gertatzen ari dena ikusita, lagun eta senide batzuk arriskuan egongo lirateke», esan du. Turista gisa etorri ziren, eta gero bertan geratu, migrante gehienen gisara, Gobernuaren aurrean egoera azalduta. Beste batzuek Kolonbiatik Panamara Dariengo oihanetik egin zuten bidea eta Erdialdeko Amerikatik Mexiko eta AEBra. Babes gutxien dutenak dira, eta senideak ere badaude tartean. Azkenean, etxean bertan egingo dute ospakizuna, lan gogorrarekin irabazitako sosekin.
(Puede haber caducado)