Bizilagunak elkarteak ehundaka lagun bildu ditu auzo inklusibo baten aldeko bazkarietan

Bizilagunak proiektuak atzo antolatu zuen jada ohikoa den igandeko bazkaria. Aniztasuna bultzatzeko ekimenean, 27 familia inguruk parte hartu zuten, bertakoak zein errefuxiatuak, Bidasoa, Oarsoaldea, Buruntzaldea, Donostialdea eta Tolosaldeko herrietan eginiko ekimenetan.

Gara, , 03-06-2025

«Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen!», lelopean, Bizilagunak elkarteak 195 pertsona baino gehiago bildu zituen atzo Gipuzkoa osoan zehar. Igandeko bazkaria etxean edo parkean partekatzea, elkar ezagutzea eta beldurrak, estereotipoak eta aurreiritziak eraistea du helburu ekimenak.

Aurtengo edizioak aldaketa nagusia izan du datari dagokionean, azaroaren amaieran egin ordez, eta udazkeneko hotza atzean uzteko asmoz, ekainaren 1ean egin da; eguraldi onaren atarian.

Bazkariaren eguna aldatzeak harrera ona izan du. Hain justu ere, 27 familia elkartu ziren atzo Bidasoako, Oarsaldeko, Buruntzaldeko, Donostialdeko eta Tolosaldeako herrietan. Guztira, 22 nazionalitatekoak, bertakoak zein atzerritarrrak, parte hartu zuten aurtengo bazkarian, besteak beste: Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Argentina, Honduras, Nikaragua, Brasil, Mexiko, Boli Kosta, Mali, Kamerun, Maroko, Senegal, Nigeria, Herbehereak, Frantzia, Peru, Nikaragua, Errusia, Aljeria, India eta Euskal Herria.

Urtero legez, Bizilagunak proiektuak bi familia bildu ditu mahai baten inguruan igandeko bazkaria partekatzeko: bata bertakoa eta bestea errefuxiatu edo migratzailea. Ekimenaren helburua da bi familiak gerturatzea elkar ezagutu dezaten eta pertsona batzuek izan ditzaketen aurreiritziak eta beldurrak desmontatu ditzaten. Horrekin batera, familiek zapore eta istorio ezberdinak trukatu eta ezagutu dituzte.

Aurtengo bazkaria parke batean edo beste topagune batean egiteko aukera proposatu dute Bizilagunak elkartetik. Izan ere, elkarteak modu onean baloratu du aurtengo ekimena: «Batzuetan arrazakeriari aurre egiteko modurik onena ez da diskurtsoarekin, keinu txikiekin baizik, bazkari bat konpartitzea bezala».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)