«Muga zeharka daiteke, baina bidaia ez da orduan bukatzen»
Berria, , 23-05-2025Sambou Diaby aktorea Iruñean jaio zen (1999), baina urtebetera Zumaiako Oikia auzora joan zen bizitzera, familiarekin batera. Geroztik, hainbat telesail eta filmetan hartu du parte, eta, azken urtean, Euskal Herriko oholtzak zeharkatu ditu
Miñan
antzezlanarekin. Apirilean, Asier Urbieta zuzendariaren
Faisaien irla
filma estreinatu zuten, eta, bertan, Sambouk Sambou
interpretatu du. Pelikula Irunen eta Hendaiaren (Lapurdi) arteko mugan gertatzen denari buruzkoa da, eta migranteen egoeran jartzen du jopuntua.
Nolakoa izan da
Faisaien irla
filman parte hartzea?
Nik Asier Urbieta zuzendaria
Altsasu
telesailagatik ezagutzen nuen, bertan rol txiki bat jokatu nuelako. Orduko filmaketa amaitu genuenean, aipatu zidan etorkizunerako niretzat pertsonaia bat izan zezakeela, eta handik bi edo hiru urtera deitu zidan, niretzat zerbait idatzi zuela esanez; hor hasi zen bidea. Gero talde oso polita sortu dugu: Jone Laspiur, Ibrahima Kone, Rodonny Perriere… Oso esperientzia polita izan da.
Zer adierazi nahi izan duzue?
Gaur egun zer gertatzen den kontatu dugu, eta hori gorpuztea oso aberasgarria izan da. Nik ez nuen oso ondo ezagutzen Irunen eta Hendaiaren arteko mugan gertatzen dena; proiektuari esker hobeto ezagutu ahal izan dut. Gainera, filmaketa egin bitarte gure begiz ikusi ahal izan dugu gazte migranteen egoera: nola gurutzatzen duten muga eta nola itzultzen dituzten bueltan handik hogei minutura, kamioi batean sartuta.
Izan al duzue harremana Irungo Harrera Sarearekin?
Kontuz ibiltzeko gai bat landu dugu, eta, polemikak saihestearren gainera, filmaren lantaldeak nahiago izan du distantzia apur bat jarri. Informazioa jaso, bai, baina jendea gehiegi inplikatu gabe. Halere, Gari Garaialderen parte hartzea izan dugu, mugan argazkiak ateratzen ibiltzen baita; harekin iraunkorra izan da harremana, eta informazio iturri baliagarria izan da.
Antzik ba al dute Sambou pertsonaiak eta benetako Sambouk?
Bai, badute. Pertsonaia idazteko nigan oinarritu ziren; gero zuzendariaren eta bion arteko hautua izan zen pertsonaiari
Sambou
izena jartzea. Filmean agertzen den hori Euskal Herrian hazi eta hezitakoa da, bikotekidea dauka, lan egiten du, bertan ikasi du, euskaraz hitz egiten du… Zerikusi handia dauka nirekin: Oikian hazi eta hezi izan naiz, eta euskaraz bizi izan naiz beti. Pertsonaiaren bitartez saiatu gara mikro – arrazakeria ere badagoela erakusten: pelikulan Sambouri lagunek
Iñaki
esaten diote. Ni ez naute inoiz ere
Iñaki
deitu, baina maiz esan ohi didate: «Noiztik hitz egiten duzu euskaraz?»; edo «noiz etorri zinen Euskal Herrira?»… Zoriondu ere egin izan naute euskaraz jakiteagatik.
Filmak galdera batzuk sortu nahi dituela esan duzue. Zuri ere sortu al zaizkizu?
Hunkigarria izan da. Pentsa: guk filmaketan Poliziaren kontrola kenarazten genuen, gure fikziozko polizia kontrola jartzeko. Eta ni Poliziak ez nau inoiz ere paperak eskatzeko geldiarazi, baina filmaketa honetan, bai: mugan kontrola jarria zuten poliziek gelditu egin ninduten; ea zer nenbilen galdetu zidaten, eta paperak erakusteko eskatu. Nire frantses kaskarrarekin azaldu behar izan nien pelikula bat grabatzen ari ginela. Fikzioa eta errealitatea oso nahastuta egon dira proiektu honetan. Egia esan, errealitateak astindu egin nau nire begiz ikusi dudanean mugan zer gertatzen den.
Zein da pelikularen ondorio nagusia?
Gure alboan gertatzen dena erakutsi nahi du. Gainera, ez du amaiera polita: gazi – gozoa da. Izan ere, muga zeharka daiteke, baina bidaia ez da orduan bukatzen.
Zer harrera izan du
Faisaien irla
- k?
Oso ona. Nik uste jende askok ez dakiela Irun eta Hendaia artean zer gertatzen den, eta kontzienteago direla orain. Balio izan du jendearengan eragiteko.
Filma ikusgai dago oraindik.
Zinema aretoetan ikus daiteke, eta batzuetan solasaldiak ere ematen ditugu zuzendariak, Jone Laspiurrek, Gari Garaialdek eta laurok. Pelikula ikustera animatuko nuke mundu guztia.
(Puede haber caducado)