Besarkada bat, aurrera jarraitzeko
Berria, , 17-05-2025Ekaitzak eztanda egin baino lehen bukatu dute bisita. Tere Gonzalez eta Mari Jose Gastearena Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteko kideak dira, eta, azken asteotan, joan – etorri anitz egin dituzte elkartearen Arrotxapeko egoitzatik Arostegi etorbideko eraikin huts batera. 30 gazte migratzailek baino gehiagok aterpe aurkitu dute han, karrika gorritik ihesi. Zabor anitz bada oraindik, baina duela hilabete bat baino anitzez ere gutxiago. Gazteak eta elkarteko kideak auzolanean aritu dira garbitzen, eraikineko lau paretak etxe bilakatzeko.
«Bazkaldu duzue?». Gastearenak eta Gonzalezek behin eta berriz galdetu diete gazteei, eta haiek baietz erantzun. «Benetan?», insistitu dute emakumeek, bai baitakite anitzetan gazteek baietz erran baina sabela hutsik dutela. Najibek ez du gezurrik asmatu oraingoan: «Atzo ez nuen deus jan, eta gaur ere ez». Hala eta guztiz ere, irribarreari eutsi dio: «Lasai, ez da deus pasatzen».
Najib eta Mustafa gazte migratzaileak, Iruñeko Arostegi etorbideko etxe hutsaren aurrean, maiatzaren 9an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Begi batean kolpe handi bat du Najibek. «Hiruren artean eraso egin zidaten, Txantrean». Kontatu du pomada bat behar duela, baina osasun txartelik ez duela eta ezin izan duela lortu. «Ez nago erroldatuta; ez dut paperik. Mekanikaria naiz, lan egin nahi dut, baina ezin dut, ez didate uzten». Najibek Iruñeko kaleetan egin ditu azken sei hilabeteak, eta onartu du ez dela samurra izan. Bertze gazte batek eman zion Arostegi etorbideko eraikin hutsaren berri, eta bertan bizi da duela bi astez geroztik.
Elkarri Laguntza elkarteko kideekin aritu da eraikina garbitzen, eta bertze bi gazterekin gela bat atondu du. Koltxoi bat du gelan, eta argazki batzuk egurrezko kaxekin egindako apalategi txiki batzuetan. Karrikan baino seguruago dagoela nabarmendu du Najibek, bat egin duten gazteek elkar babesten dutela. Elkarri Laguntza elkarteko kideen bisitak ere «biziki» estimatzen dituztela erantsi du.
Najibek irribarre handi batekin hartu ditu Gonzalez eta Gastearena, ikusi bezain pronto. Sumatzen da eraikineko gazteen eta Elkarri Laguntza elkarteko kideen arteko konplizitatea; sumatzen da emakumeen kezka benetakoa dela, eta gazteek eskertzen dutela babesa.
«Non dago Mustafa?», galdetu du Gonzalezek, Najiben gela ondoan. Gaztea berehala agertu da, elkarteko emakumeak eraman dion botikaren bila. «Hagineko minez nago», azaldu du Mustafak, eskua aurpegian jarrita. Kostatu egiten zaio gaztelaniaz hitz egitea; duela lau hilabete eskas ailegatu zen Iruñera, eta, bertze gazte migratzaileek bezala, aurrera egin bertzerik ez du nahi. Arropa garbitzen aritu da Gastearenaren eta Gonzalezen bisita jaso aurretik, eta eraikineko beheko aldean dagoen gela handi batean zintzilikatu du, propio prestatutako soka batean.
Hizkuntza eskolak
Walidek eraikinaren kanpoko aldean pasatzen du denbora anitz: Arostegi etorbidera ematen duen sarreran lorategi bat sortzen ari da. Egurrezko kutxa handi batzuk jarri ditu, lurrez bete ditu, eta hainbat landare landatu. «Tomateak nahi ditut», erran dio Gastearenari. Lorategia baratze bilakatu nahi du, eta eskuak lurrean sartuta lan egin. «Gure aita nekazaria da; beti aritu gara lurra lantzen».
Gazte migratzaile batek Iruñeko eraikin huts batean atondutako geletako bat, maiatzaren 9ko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
«Hagitz trebea da; tamalez, inork ez dio lorezain aritzeko aukera ematen», esplikatu du Gastearenak; «Etxebizitzarena da arazo nagusia. Hilabete anitz darama karrikan, eta egoera horrek ate anitz itxi dizkio», erantsi du Gonzalezek, eta egoera salatu: «Gizarte langileak erran dio ezin duela lagundu, bi urtez egon beharko duela zain paperak egiten hasteko. Izugarria da gizarte langile batek hori erratea, eta hori orain eta hemen gertatzen ari da, Iruñean».
Zerua goibeldu da. Walid lorategi ondoan gelditu da, baina Gonzalez eta Gastearena eraikin barrura itzuli dira. Gazte batzuekin mintzatu dira, baina bertze anitz ikusi nahi dituzte bisita amaitu baino lehen; besarkada anitz dute oraindik emateko. «Gure mutilak dira; zoragarriak dira», erran du Gastearenak, hunkituta. Gaztelaniazko eskolak ematen dizkie eraikinean bat egin duten gazteetako anitzi, Iruñeko Arrotxapeko Jus La Rocha aretoan. «Ehun ikasle baino gehiago pasatu dira gelatik. Norbait solasean hasten bada, bertzeek isilarazten dute. Arbela garbitzen ere ez didate uzten, eurak altxatzen baitira, nik lanik egin ez dezadan!».
Emakumeek Musa eta Isaac aurkitu dituzte eraikineko pasabideetako batean. Musak, Najibek bezala, irribarre batez erantzun die Gastearenaren eta Gonzalezen galderei. Behar dituen botikak hartu dituela azaldu die, ongi dagoela, eta, bai, zerbait jan duela. Bertze bi gazterekin bizi da eraikineko geletako batean. Ia altzaririk gabeko espazio bat da, baina atsegina. Paretetan aldizkarietako irudiak itsatsi dituzte, eta koltxoiekin eta mantekin estali gelako zoru hotza. «Ongi gaude».
Bertze gela batean dago Isaac, eta han gorde du eman berri dioten Iruñeko kiroldegi bateko jaka. Borroka arteetan aditua da, eta kickboxingeko munduko txapelduna. «Iruñean entrenatzeko toki bat lortu dut; hori gauza handia da niretzat. Duela zortzi hilabete ailegatu nintzen Iruñera, eta karrikan egon naiz orain arte». Ongi dagoela erran du, baina, berehala, aurpegia goibeldu zaio: «Bueno, ez hain ongi…». Karrika gogorra dela nabarmendu du, eta kirolak eman diola aurrera egiteko helduleku bat. «Hiru hilabete barru, Bilbon lehiatuko naiz». Irribarre egin du berriz.
Zortzi ordu igeri
Gastearenak Aminerentzat gorde du besarkadarik estuena. Gazteak irribarre zabala du aurpegian, baina gaza batzuek masailean egin dioten zauria estaltzen dute. Hautsitako botila batekin egin zioten eraso. «Mina? Pixka bat bakarrik». Aminek 30 urte ditu eta ingeniaria da. Aljerian utzi du familia: gurasoak, bi anaia eta ahizpa bat. Marokora mugitu, eta handik igeri ailegatu zen Ceutara (Espainia). «Zortzi ordu eman nituen itsasoan, gauez».
Gazte migratzaile bat Iruñeko eraikin huts bateko gela garbitzen, maiatzaren 9an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gaztelaniaz ongi mintzatzen da Amine. «Ikasle ona izan da!», erran du Gastearenak. Gainera, arabieraz, frantsesez eta ingelesez ere badaki. Lan egin nahi du; Iruñeko eraikin huts bateko gela batera eraman duen gurpil zorotik atera.
Amineren laguna da Didi. Alemanian izan zen Iruñera etorri aurretik. Ederki hitz egiten du alemanez, eta, Aminek bezala, aurrera egiteko aukera bat bertzerik ez du nahi. 27 urte ditu, eta duela bederatzi atera zen sorterritik. «Geroztik ez dut familia ikusi». Gurasoak eta anaia oroitu ditu, baina tristura bazter utzi nahi izan du, eta Alemanian parkour egiten zuela kontatu du; saiatu nahi duela hemen ere. Badu denbora, nahiz eta nahiko lukeen lan batekin bete. Ez du amore eman nahi.
Ekaitzak eztanda eginen du laster. Emakumeek alde egin dute, eta gazteak
etxean
gelditu dira.
(Puede haber caducado)