Begirada galduak

Berria, 03-09-2006

Begirada galduak

Izenik eta bestelako identifikaziorik gabe. Horrela lurperatu behar izan dituzte beste 87 lagun aste honetan. Paperik gabeko 84 etorkin hil dira Mauritanian, eta hiru Kanarietan. Baina Marokon, Senegalen, Espainian, Italian, Maltan, Zipren edo Grezian gerta zitekeen. Ehunka etorkinek beren bizia arriskuan jartzen jarraitzen dute bizimodu ustez hobeago baten bila. Europako Batasunak etorkinen beharra duela aitortzen du, baina oztopo latzak jartzen dizkie: iristeko, alde batetik; eta, lan egin zein etxebizitza aurkitzeko, bestetik.

Joan den asteburuan, Senegalgo 150 etorkin zeramatzan ontzi bat hondoratu zen Mauritania inguruan. Salbamendu taldeek 18 lagun bakarrik aurkitu zituzten bizirik. 84 hilotz atera zituzten, eta gainerako 48ak desagertuta zeuden. Haien ontziak Kanariar Uharteak zituen helmuga, baina ez ziren iritsi. Ostiralean, 430 lagun iritsi ziren, sei ontzitan. Haietatik hiru, ordea, hilda eta beste batzuk gaixo. Egun berean, 119 etorkin iritsi ziren Greziako Kreta uhartera.

Aurten, gutxienez 260 afrikar hil dira Kanarietarako bidean. Hala ere, beste ehunka lagunek egin dute ahalegina astero, eta iristea ere lortu dute askok. 18.000tik gora dira, Madrilgo iturrien arabera. Segurtasun indarrek atxilotutakoak epaitegira eramaten dituzte lehenengo, eta ondoren etorkinentzako atxiloketa guneetan atxikitzen. Txalupan hainbat egunez bizitako zorigaitzak – jatekorik eta edatekorik apenas dutela, pilatuta eta bero handiarekin – jarraipena du Poliziaren kontrolpeko guneetan ere. Deklaratu aurretik, multzo handitan sartzen dituzte gela zikin eta kirasdunetan. Epaitegian, berriz, ez diete beren eskubideen berri ematen, Amnesty Internationalek salatu duenez. Etorkinak adingabeak dira gero eta gehiago, legez ezin baitituzte kanporatu.

Kanarietako Gobernua kexu da gainezka dagoela. Hala zioen duela hilabete ere, baina etorkinentzako guneak ez zeuden beteta. Arazoa gainetik kentzea du helburu bakarra. Hala leporatu dio Espainiako Gobernuak Kanarietan duen ordezkari Jose Segura Clavellek, artikulu batean. «Kanariarrok ez gara gertatzen ari den exodoaren biktima», zioen gobernu ordezkariak, «Europan etorkizuna bilatzearren beren bizia arriskuan jartzen duten milaka gizakiak dira biktimak». «Txalupa bakoitzean dozenaka istorio, dozenaka begirada galdu, dozenaka larritasun daude». Clavellen adierazpenak ez datoz bat, ordea, Europako gobernuen jokabidearekin. Zenbait herrialde paperik gabeko etorkinak legalizatzen ari diren arren, neurri hertsiak ezartzen dituzte etorkin fluxua geldiarazteko. Esaterako, Frontex Mugetako Agentziarekin. Espainia, Portugal, Italia eta Finlandiak poliziak, helikoptero, hegazkin eta itsasontziak bidali dituzte Afrika eta Europa arteko itsasora, etorkinen ontziak geldiaraztera. Beste herrialde batzuk, Frantzia kasu, immigrazio neurriak gogortzen ari dira.

Kataluniako La Caixa bankuak kaleratu berri duen azterketa baten arabera, etorkinek egindako ekarpenari esker hazi da EBko per capita errenta azken hamarkadan: %2, zehazki. Haiek gabe, – %0,2koa izango zen. EBko agintariek aitortzen dute garapen demografikoa ere negatiboa izango litzatekeela etorkinik gabe, eta hainbat lanpostu betetzeko ezinbestekoak direla. Europako Batzordeko Segurtasun, Askatasun eta Justizia komisario Franco Frattinik aste honetan bertan esan du denetariko lanak egiteko behar direla.

Zergatik hainbeste polizia neurri, beraz, immigrazioa geldiarazteko? Zergatik ez ezarri mugimendu askatasunean oinarritutako politika europar komuna? Immigrazioa gaur egun funtsezko auzia den arren, EBk ez du politika bateraturik, ezta estatu kideetako herritarrekin ere. 2004an, estatu kide berrietako langileei sarrera galarazi zieten zenbait herrialdek. Iturgin poloniarrek inbadituko zituzten beldur ziren. Edo, alferrez beteko ziren beldur; hots, gizarte laguntzei esker bizitzera joango zirela ekialdeko milaka langile mendebaldera. Alabaina, denborak erakutsi du uste baino jende gutxiago joan dela ekialdetik, eta uste baino prestakuntza hobea zutela. Hala adierazi du Erresuma Batuko BNE enpresaburu elkarteko Roland Ruddek: ekialdeko langileak gazteak, motibatuak eta oso eraginkorrak dira.

EB ez da izututa dagoen bakarra. Sorterritik milaka kilometrora doazen etorkinak beldurtuta doaz, bizia arriskatuz, ezagutzen ez duten mundu berri batera. Ezin al dira begirada galdu horiek guztiak saihestu haien herrien garapena sendo bultzatuz eta emigratzeko oztopoak kenduz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)