Agiasma ontzia Santurtzitik oraingoz ez dela irtengo esan dute

Berria, 02-09-2006

asier iturriagaetxebarria

Bilbo

Herenegun arratsaldean Agiasma ontzitik jaitsi zituzten ezkutuko hiru bidaiariek Santurtziko portuan jarraitzen dute. Lurrean daude, baina horrek ez du esan nahi joan den abuztuaren 22an Espainiako Gobernuari egin zioten asilo eskaera onartu dutenik. Madrilgo epaitegi batek behin – behinean eman zien baimena ontzitik jaisteko. Errefuxiatuei laguntzeko CEAR elkarteak epaileari eskatu zion baimena, beren egoera psikiko eta psikologikoa aintzat hartuta.

Javier Galparsoro CEAR elkarteko abokatuak eta bozeramaileak esan zuenez, Madrilgo epaileak ez du behin betiko agindurik eman, eta oraingoz indarrean dago ostegunean hartu zuen erabakia: hau da, ezkutuko hiru bidaiariak ontzitik kanpo daude. Santurtziko portuko mugan daude, polizia etxe batean, une oro zainduta.

Ontzitik jaisteko baimena izateak ez du esan gura Agiasma ontzia portuan egon behar denik, baina oraindik Santurtzin jarraitzen du. «Herenegun zen irtetekoa, baina oraindik ez dakigu zer egiten duen hemen», esan zuen Galparsorok. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak, bestalde, ontzia oraingoz ez dela irtengo esan zuen atzo. «Oraindik ez du eskaera egin, eta behin eginda, zeuzkan matxuran konponduta dagoen begiratu beharko da. Hortik aurrera, ordu batzuk beharko dira». Galparsorok agertu zuenez, baliteke ontzia astelehena baino lehen ez irtetea. «Baina horrelako kasuetan inork ez daki zer gertatuko den».

Herenegun arratsaldetik ezkutuko hiru bidaiarien berri ez dutela esan zuen CEARekoak. Dena den, ontzitik jaitsi zituzten unean beren egoera fisikoa zein psikologikoa «negargarria» zela azpimarratu zuen. Bizkaiko Ordezkariordetzak, berriz, ezkutuko hiru bidaiarien egoera «ona» dela berretsi zuen atzo.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)