Kanariar Uharteetara 430 immigrante iritsi dira, horietako hiru hilotz
Urte hasieratik 260 etorkin hil dira Kanarietarako bidean, aurreko urteetan baino gehiago
Berria, 02-09-2006a. elizegi
Etorkinak Kanarietara iristen jarraitzen dute, nahiz eta han leku gehiagorik egon ez haientzat. Orotara 430 pertsona iritsi ziren atzo sei txalupatan. Tartean zihoazen 24 adingabe eta lau emakume. Sei txalupa horietako bat itsasoan aurkitu zuten salbamendu taldeek. 87 pertsona zeramatzan eta hondoratzen hasia zen. Etorkinetatik hiru lehorrera iritsi aurretik hil ziren. Bat adingabea zen. Beste zortzi pertsona helikopteroan eraman behar izan zituzten erietxera, osasun arazoak zirela eta. Ontzia lehorrera iritsi zenean, beste bost etorkin bidali zituzten ospitalera. Haiek ere larri.
Aurten, urtarrilaz geroztik, aurreko urteetan baino askoz ere etorkin gehiago hil dira Kanarietara iristeko ahaleginean: 260. Azken hirurak atzo bertan. Adituen arabera, Europara sartzeko bidea aldatu izana da heriotza kopuruak gora egin izanaren arrazoi nagusia. Lehen, Marokotik atera eta Andaluziara (Espainia) joaten ziren, hau da, 20 kilometro inguruko tartea egiten zuten. Orain, aldiz, inguru horretako segurtasun neurriak zorroztu egin dituzte, eta etorkinak Mauritaniatik Kanarietarako bidea egiten dute: 800 kilometro inguru. Dena den, orain lehen baino txalupa sendoagoak eta handiagoak erabiltzen dituzte.
Gertakaririk larriena joan zen martxoaren 6koa izan zen. Orduan 45 pertsona itota hil ziren Mendebaldeko Saharako kostaldean, bi txalupa hondoratu zirenean. Handik bederatzi egunera Espainiako Esperanza del Mar ontziak beste 25 gorpu aurkitu zituen Mauritania eta Kanariak arteko itsasoan.
ZAZPI DESAGERTU. Grezian, Kretatik gertu, 119 etorkin atera zituzten uretatik atzo. Beste zazpi lagunek desagertuta jarraitzen dute. Iturri ofizialen arabera, guztiak hamabi metro inguruko txalupa batean zihoazen Italiara bidean, ontziak Kreta hego – mendebaldeko arroken kontra jo eta uretara erori zirenean. Palestinarrak dira guztiak. Lerro hauek idazteko unean salbamendu taldeek lanean jarraitzen zuten. Desagertutakoak bilatzeko txalupak eta helikopteroak ari ziren erabiltzen, baina eguraldi txarrak zaildu egiten zituen salbamendu lanak.
(Puede haber caducado)