Migrazioaren aurkako poliziaren mobilizazioari hauspoa emateko komunikazio-kanpaina
Migrazio ilegala delakoari kontra egiteko mugako «bigarren indar bereziaren» sortzea iragarriz edota sare sozialen laguntzaz 48 orenez jarraian garaturiko kontrol katea hauspotuz, Bruno Retailleau Barne ministroaren bultzadapean, komunikazio-operazio azkarra abian eman dute mugaren eremuan.
Gara, , 01-04-2025Frantziar Poliziak, Jendarmeriak eta Armadak migrazio ilegalaren kontrako borroka azkartu dela irudikatzeko operazio zabala garatu zuten joan zen astean Akitania Berriako eskualdean.
Orotara, 19 bat kontrol puntu eman zituzten frantziar uniformedunek muga aldean, egoera irregularrean ziren 130 migrante atzeman zituztela. Horietatik 23 espainiar poliziaren eskuetan eman zituzten, eta beste 18k frantses lurraldea lehenbailehen uzteko aginduari egin beharko diote aurre.
350tik gora uniformedun, SNCF tren konpainiako garraio brigadako kideak barne, elkarlanean aritu ziren pertsona migranteen eskubideen alde jarduten duten elkarteek «komunikazio kanpaina handi batekin» parekatu duten kontrol operazio zabalaren barnean.
Hilabete baten bueltan gisako bigarren operatiboa da, eta egitasmoaren dimentsioa azaltzeko, Jean Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta lehen lerroan azaldu da. Azken aldiz, martxoaren 28an, ostiralarekin, departamendu kontseiluaren aitzinean hartu zuen hitza, Pauen. Ahoan bilorik gabe mintzatu zen estatu-ordezkaria, beste behin ere, migrazioa eta delinkuentziaren arteko lotura eginez.
Iragan otsailaren 18an Biriatuko ordainlekuaren ondoan kokatzen den aduanetako zerbitzuetara bisitan joan zen Jean-Marie Girier. Egunero 30.000 ibilgailu inguruk zeharkatzen duten pasabide horretan adierazi zuenez, 2024. urtean migratzaileen sarrera nagusia bilakatu zen Euskal Herria barne den departamendua. Girier prefetak jakitera eman zurnez, orotara 5.264 herritar geldiarazi zituzten mugan iazko urtean, frantziar lurraldera sartzeko ahalegintzen ari zirela.
Bruno Retailleau Biarritzera helduko da heldu den astean
Bruno Retailleau Biarritzera helduko da hilaren 11n, bere alderdia, Errepublikanoak (LR), presidentegaia hautatzeko kanpainia bete-betean sartuta dela. Bere bisitaren atarian Euskal Herriko mugan garaturiko operazioa Barne ministroak erakutsi nahi duen jarrera irmoa eraikitzeko lagungarria litzateke.
Zentzu horretan, Le Figaro egunkariak oihartzun zabala eskaini zion dispositiboari. Frantziar hiriburuan harrabotsa egitea bazen helburua, kazeta eskuindarrak martxoaren 27an plazaraturiko alean barreiatze lanari ekin ziola ezin ukatu. Eric Laplaud, CRS poliziaren burua iturri gisara aipatuz, 2023an Itsas-Alpeetako departamenduan sortu zena eredu gisara harturik, Euskal Herriko mugan aritzeko «mugako bigarren indar berezia» eratu dela jakitera eman du hedabideak.
Anartean, migrazioaren kontrako kontrol-operazio handia amaituta ere, horren oihartzuna luzatzeko jokoan dira protagonistak. Hala, bideoak zabaldu dituzte azken orenetan sare sozialetan hainbat poliziek.
(Puede haber caducado)